Aurreko batean propaganda iritsi zen gure postontzira. Jostailuak erostea nahi zuten eta tarte bat hartu nuen begiratzeko. Eta, hara non, zapatilen lokarriak lotzen ikasteko jostailu bat ikusi nuen. Tristea izango litzateke lokarriak lotzen ikasteko oinetakoa ez den beste zerbait erabili beharra, ezta?
Honen aurreko esperientziaren bat ere badut. Autoa eramaten dudan tailerreko lagunek, beraiengan jarritako konfiantza eskertzeko, opariak egiten dizkidate maiz. Ba, hauetako kasu batean liburu bat oparitu zidaten, euren kotxe baten propaganda egiteko ipuin bat kontatzen zuena. Gustura irakurri nuen nik-neuk ere. Baina, hara, amaitu eta azken orrialdeetara iristean, irakurritakoaren inguruko galderen tartea zegoen, irakurtzea aski aberasgarria ez balitz bezala, ezta?
Eta, bi adibide hauek sarritan eskoletan erabiltzen ditugun materialei buruz gogoeta egitera narama. Pentsa dezakegu, zerbait ikasarazteko soilik sortu diren eta baliabide didaktiko deitzen ditugun horiek bultzatu izan dutela pentsamolde hau, izan ere, zenbat baliabide erabiltzen ditugu errealitateko gauzak jolas moduan ikasarazteko? Zenbat galdera egiten ditugu irakurri ostean? Umearen berezko dohaina da ikastea, beraz, ez dezagun pentsatu ikaste prozesu guztietarako zer bereziak egin, antolatu, erosi behar direnik. Askotan gutxien espero dugun momentuan ikasi egiten baitugu. Bizitzako esperientzia errealak eskaintzea eta horietatik ikastea hobe izango da, ezta?