Sokatira

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2015eko otsailaren 22a

Orain artean idatzitako testu guztietan oso kritiko mintzatu naiz eskolaren inguruan. Gaur, tonua jaitsiko dut eta eskola babesteko asmotan egingo dut jarduna, emakume eta gizonen arteko parekidetasun faltaz eta honen konponbiderako ematen ari diren pausoez arituko bainaiz.

Sokak bi mutur izaten ditu eta behar den muturretik nahikoa indarrekin tira ezean, nekez iritsiko gara behar den tokira, eta uste dut, azken boladan horretan ari garela gai honen inguruan.

Beste garairen batean eskolarengan jarri genezakeen diskriminazio honen konponbiderako esperantza, eskolak berezkoa izan baitu egoera sozialari buelta emateko gaitasuna, aldaketa hori bultzatzeko motorrik indartsuena izateraino. Baina, zortez, eraldaketa soziala bultzatzeko indarra sokamutur ezberdinetara zabalduz joan da, boterearen birbanaketa eginaz. Tamalez, ordea, botere hau ez da modu orekatuan banatu eta gizartea eraldatzeko indarrak desorekan egoten jarraitzen du.

Horrelakoxea da egoera, eta hala ere, sokari tiraka jartzea egokia da, noski. Baina, sokaren beste muturrean ari dena ere geure aldera ekarri beharko dugu, indar gehiago lortu beharko dugu, ezta?

Eskolak lan asko egin dezake generoagatik sortutako arazoak desagertzeko, egin ere asko egin duelakoan nago, baina, lan hauetan bakardadea ez da lagun ona. Izan ere, aldaketa gutxi eragingo ditu sokaren beste muturretik tiraka botere horren nagusitasuna lortu dutenak dauzkan bitartean. Komunikabide anitzetatik erakusten zaizkigun aurreiritzi, estereotipo eta rol matxistekin bukatzeko pausuak ematen ez diren bitartean, indarrak xahutzen aritu gaitezke urteetan barrena, baina, aldaketa soziala ez da etorriko, eta agian, egoerak okerrera egin dezake, nahiz eta eskolan lan oso ona egin. Beraz, bukatu dezagun sokatira apustu aldrebes hau eta jar gaitezen guztiok alde berdinera tiraka, guztion onerako izango da eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!