Lotuta eta aparte idazteari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2014ko abenduaren 14a

Bi pasarterekin egingo dut gaurkoa. Lehena Finlandiatik dator, urrun etxetik. Akabo eskuz idaztea. Hori esan omen dute. Hegan egin du albisteak mundu zabalean zehar. Latinak eskolan izan zuen akabera berdina eman zaiola ere esan dute batzuk. Baina, ez da hala. Finlandiarrek «hizkiak lotuta» idazteari amaiera emango zaiola argitu egin behar izan dute, horixe omen zen esan nahi zutena. 2016tik aurrera Finlandiako haurrek eskuz idaztean «hizkiak aparte» jarriz aritu beharko omen dute, inprenta letra tipoa erabiliz, hain zuzen ere.

Bigarrena Euskal Herritik, etxe ondotik. Derrigorrezkoa omen da haurrek idazten dutena lotuta idaztea. Eskolaren batean, esan didatenez gutxienez, hala agintzen omen dute ikasleak 8-9 urte egin artean. Eta hau, ume askorentzat zailagoa dela jakinik, irakurtzeko zailagoa den letra egiten dutela oharturik eta testu labur bat idazteko denbora gehiago beharko dutela aurreikusirik. Ez dauka zentzurik.

Bi pasarteek halako kontraesan bat daukatela dirudien arren, biak bide berdinean doazela uste dut nik. Argitu egingo dut esan nahi dudana.

Eskuz idaztea garrantzitsua da, beharrezkoa, oraindik behintzat. Hori gutxi balitz, ikerketa ugarik erakutsi dute inteligentziarentzat ere onura asko dakartzala ariketa honek. Baina, kasu honetan, soilik eskuz idazteari buruz ari gara, ez lotuta ala aparte idazteari buruz. Izan ere, ba al du garrantzirik lotuta edo aparte idazteak idatzitakoa ulertzen denean? Eskolan arautu beharreko zerbait al da? Beste gai askotan bezalaxe, zentzuz jokatzea izango da garrantzitsuena. Haur batek hizkiak lotuta idatziz irakurtzeko moduko zerbait sortzen badu idatz dezala lotuta. Beste batek gauza bera hizkiak aparte idatziz lortzen badu, idatz dezala aparte. Baina, ez ditzagun eskoletan absurdora iristen diren arau aldrebes gehiago asmatu, ez baita hori geure helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!