Aurrekoan eskolak duen arazo nagusienetakoaren konponbidearen jakitun moduan idatzi banuen ere, aitortu beharra daukat, ez daukat konponbidearen formula. Eta, egia esan behar badut, formularik ez dagoela pentsatzen dutenetakoa naiz. Ezin da formula batekin guztiontzat ona izango den eskola sortu, baina, hiru ideia baditudala uste dut.
Bat, ez dago metodo ahalguztidunik. Aldiz, badira ikuspegi metodologiko egokiak. Baina, zenbaitentzat tamalez, ikuspegi hauek ez dituzte formulak ematen eta guk geuk atera behar izaten ditugu eltzetik babak. Ikuspegi eraikitzailekoak garela aldarrikatzea dago gaur egun modan, baina, askotan oso urrun kokatzen garelakoan nago. Jakintza eraiki egiten da, ez soilik batetik bestera pasa. Gutako bakoitzak ez dakigun zerbait ikasteko, beste gauza askotaz aparte, hausnarketa lan bat egin behar izaten dugu, asimilatu, barneratu. Soilik orduan lortzen dugu zer berri bat ikastea. Horretarako, ordea, denbora behar da, eta askotan, hausnarketari denbora ematea berau galtzea delakoan edo, nahiago dugu metodo jakin batzuk erabiltzea.
Bi, interakzioa eta kooperazioa bultzatzen ditugu. Ederra da. Elkarrekin eta elkarri eraginez aritzen gara eskoletan. Baina, lorpenak esanguratsuak izateko, egiten duguna elkarrekin eta elkarri eraginez aritzeko modukoa izan behar du, noski. Esaterako, matematiketako zenbait algoritmoren entrenamendurako egiten diren ariketak izan al daitezke kooperatzaileak lau lagunen artean egite hutsagatik? Hori kooperazioa al da? Ez dakit nik.
Hiru, uste dut oinarrizko ideia egiten duguna behin eta berriz zalantzan jartzea izango dela, hausnarketari denbora eskainiz eta izan daitekeen eskolarik onena bilatzen saiatuz. Has gaitezen ba!