Guztiona dela esatea itsaso zabal bati begira jartzea bezala da. Hainbeste eta hain desberdinak gara guztiok… Gaurko eskoletan arraza orotakoak onartzen dira, generoa banaketarako irizpidetzat erabili gabe, hizkuntza mugatzat jarri gabe, diru iturriak aztertu gabe, familia motari begiratu gabe… baina, horrela izanik ere, guztiona den eskola guztiz ona izateko bide zidorrak bilatzea helburutzat izan beharko genuke eskola munduan gabiltzanok.
Zer da, ordea, guztiz ona izatea? Edo, hobeto esanda, zein da eskola guztiontzat guztiz ona izateko bidea? Estrategia ugari erabili izan dira, batzuk egokiak eta lagungarriak. Esan dut, gaur egun ia ume guztiak eskoletan daude, gela barruan, aniztasunean hazten eta hezten dira, guztiak elkarrekin. Baina, ez da nahikoa, zerbaitetan huts egin dugu. Izan ere, haur bakoitzak gaitasun moduan dakarren altxor ezkutu hori aurkitzen ez diegu guzti guztiei lagundu. Askori bai, baina, ez guztiei. Beraz, aniztasunean elkartzetik haratago, zerbait gehiago egin beharko genukeela deritzot.
Aldaketaren oinarri nagusia ikuspegia delakoan nago, ikasleen aniztasunarekiko dugun ikuspegi horretan, hain zuzen ere. Askotan zailtasun moduan bizi ohi dugu, aurrera egitea oztopatuko digun zerbait bailitzan. Kontrakoa behar luke, ordea, aniztasuna aberasgarria baita. Eskolara datorren ikasle bakoitza dakarren guztiarekin onartu behar dugu, dakartzan gaitasun guztiak baloratuz, bere interesak ezagutuz, bere izaera errespetatuz, momentuan behar duena emanaz, laguntza eskainiz… azken finean, bizitzan izan behar duena izatera iristeko bideak eskainiz. Horrela, agian, eskola guztiontzat guztiz ona izango da.