Soiltasunaren dotorezia aldarrikatu du Jone Uriak bere lehen agurrean. Aldarrikapena ez da hitz hutsetan geratu, bertsoz bertso erakutsi du esandakoa nola gauzatzen den. Enbeitak eta Etxebarriazarragak saio erregularra egin dute, ziurtasuna transmitituz; Arzallusek oso ondo hasi du saioa, baina bukaeran behera egin du apur bat; Martikorenak entzuleak gogotik eskertu dituen bertsoak utzi ditu; Iguaran, berriz, erantzuten nabarmendu da, ohi duen eran.
Zortziko handia
Aitor Etxebarriazarraga eta Beñat Iguarani egokitu zaie saioa hastea. Bulego berean lan egiten duten langileak biak, ingurumena zaintzeko berogailua jaitsi ala ez eztabaidan jarri ditu gaiak. Aitorrek ahalegina egiten du jaisteko; Beñati ez zaio bidezkoa iruditzen. Aitorrek norbere eskuetan dagoena egitea ez dela horrenbesterako argudiatu du: iaz hogeita bost gradu ere / iritsi zen ematera / hain larria ere ez da izango / jaistea hogeita batera. Beñatek bereari eutsi dio fokua industrietako tximinietako kean jarriz. Dena den, amasarraren bigarren bertsoak harrapatu entzulea, Aitorren lehen agurrari erreferentzia eginez –gaixorik dabilela aitortu du saioko lehen bertsoan—: azkenaldian hemen zabiltza / ezin harturik arnasa / udazkenean gaixotzen denak / ezin du negurik pasa.
Onintza Enbeitak eta Maddalen Arzallusek ere ofizio txukuna egin dute. Berrogeina urteko bikotearen paperetik jardun dute. Ekonomikoki une larria pasatzen ariagatik, Onintzak guraso izan nahi du; Maddalenek, ordea, ez du uste egokia denik. Onintza hasi da kantuan: guraso izaten saia gaitezen / Maddalen xuabe-xuabe / gu ere hezi gintuzten eta / oraingo koplarik gabe. Maddalenek hankak lurrera jaisteko gonbita egin dio: Baina kontuan hartu itzazu / jana eta osasuna / haur bat hazteko ez dira aski / gogoa ta maitasuna. Enbeitak berean jarraitu du, eta bikoteari zerbait kendu eta umeari asko ematea proposatu dio Arzallusi. Maddalenek azken bi puntu ederrekin amaitu du bertsoaldia: bi sartzen diren lekuan hiru / sartzen dira badakigu / baina ez gara bi sartzen eta / ezin gara sartu hiru.
Zortziko txikia
Bigarren ariketan goia jo du saioak. Hiru bikoteek utzi dituzte ale ederrak. Beñat Iguaran eta Onintza Enbeitak egin dute lehen ofizioa: Beñat izozki saltzailea; Onintza, berriz, bere haurrarekin etortzen den bezeroa. Onintza hirugarren aldiz etorri da gaur, haurrarentzat zapore bereko koilarakadatxo bat emango aldion eskatuz. Beñatek bertso ederra bota du lehena:
Zure ume ta guzti
arrimatu iaio
urruti zaudenian
naukazu lasaio
nik beste bat eskaini
zuk lehengua nahio
limoi gustua ahaztu
egiten al zaio?
Onintzak ondo eutsi dio bere jarrerari, bertsoaldia ondo itxiz: orain borde xamarrik / agertu zara zu / guraso zarenean / esango didazu.
Jone eta Aitor auto berean doazen lagunak izan dira. Aitor aginduak ematen ari da etengabe nahiz eta ez duen gidabaimenik. Uriak: guztia esplikatzen / hor zabiltza hara / muniparako ikasten / hasi al zara ba. Aitorren erantzuna: nik esan eta esan / ta zuk hartu txarto / gidabaimenik ez da / behar hortarako. Jonek saio guztiko mailan jarraitu du, ordea: baina ez dakigu ziur / Aitor mutikoa / zuk pasako al zenuke / psikoteknikoa.
Azkena izan dira Arzallus eta Martikorena: “pisukideak zarete. Gaur Eñauti tokatzen zitzaion afaria prestatzea. Gustatzen ez zaizula dakien arren berriro ere tipularekin egin du patata tortilla.” Maddalenek: tipula jarri duzu / ai Eñaut maitea / nahi al zenuen berriz / negar egitea. Eñautek saioko bertsorik onenetako batekin erantzun dio: euskal kulturan honek / esan nahi du hala / ilargira ta bueltan / maite zaitudala.
Puntu erantzunak
Aitor, Onintza eta Jone nabarmendu dira ariketa honetan. Etxebarriazarragari Izan Bidea ekimena izan du gaitzat: etxerako garaia / ez al dute jada? Aitorren erantzuna: hortarako garaia / aspaldi pasa da / denok batera eman / oin azken bultzada / ta ohartu orduko denok / elkartuko gara.
Enbeita zahartzaroa izan du puntuen gaia: eder senti gaitezke / adin guztietan; erantzuna: hori pentsatzen dugu / guztiok gaztetan / baina edertasunik / ba al da zimurretan / igual adibide bat / neu nauzue bertan.
Uriak, azkenik, indarkeria matxistaz: beldurrez bizitzea / ez da naturala; Jonek: ta hala dela inork / pentsatu du ala? / etxera iritsi nahi / azkar berehala / norbaitengandik ihes / bageunde bezala.
Hamarreko txikia
Hamarreko txikian ere erregular jarraitu du saioak. Iguaran eta Martikorenarenak umore kutsu handia izan du, eta entzuleek txalo beroz eskertu dute. Aitona eta biloba izan dira: Eñaut aitona eta Beñat biloba. Aitona alargundu egin da, eta bilobari eskatu dio bikotekidea bilatzeko aplikazio bat jaisten laguntzeko. Beñaten lehen bertsoko azken bi puntuak: baina ekarriko dizu / ziur desoreka / Whatsappak erantzuten / ez dakizu eta. Eñautenak ez dira atzean geratu: ligoteo kontuan / ze entretenimendu / zui balio bazizun / latz funtzionatzen du. Iguaranek ere berean jarraitu, lehen puntutik hasita: oso polita ez naiz / aitonan antzera / kalabazakin sarri / joana etxera / (…) / ligatuz ibili nahi / aurrera atzera / baina nola izan zan / goatzen al zera? Azken bi bertsoak ederrak izan dira. Iguaranek: Tinder jarriko dizut / nahi dezun bezela / ta iruditzen bazaizu / kristoren pastela / First Datesera joan / zintezke bestela. Martikorenaren azken bertsoa osorik:
Ez hor ikusiko nau
osoik familiak
nik ezkutuan bildu
nahi ditut liliak
bukaera izan dezan
nire bijiliak
berriz ere sentitu
nik kili-kiliak
hemen guztitakoak
baitira filiak
Ganbara
Oso bertsoaldi onak joan dira bakarkako ariketan. Honela zioen gaiak: badakizu min emango diola, baina esatea erabaki duzu.
Aitor Etxeberriazarraga gurasoaren paperean jarri da. Semeak bere urtebetetze egunera gonbidatu ditu bat ez beste lagun guztiak: bere hogeita bat gonbitak / begiratu ditut adi / dena ondo ikastolan / ez balira hogeita bi. Egoki josi ditu hiru bertsoak, bere kontraesanak ere aipatuz, eta bukaeran erreferentzia errealak eginez: purrustadaka negarrez / nahi beste gera dadila / baina hogeita birentzako / enkargatu dut tortila.
Onintza Enbeita bikote harremana haustea erabaki duen emakume baten larrutik aritu da: nahiz ta gustora egoten / naizen zurekin berbetan / zuri baietz esateko / ohe sexu kontuetan / nire buruaren kontra / egiten dut batzuetan. Ederrak izan dira azken bertsoko azken bi puntuak ere: lagunak izan gintezke / baina asko ditut lehendik / beraz jarraitu dezagun / bakoitzak bere bidetik.
Jone Uriak drogaren mende dagoen pertsona bati zeozer esatea erabaki du. Soiltasunez eta dotore aritu da ariketa honetan ere. Bigarren bertsoa osorik:
Garai baten soilik zena
dibertsioko formula
Garazirentzat orain da
eguneko pelikula
askok bizkarrera zenbat
kritika ta zenbat burla
baina daukana zera da
adikzio bat mardula
gauean speeda dena
goizez resaka pilula
aldatu beharko luke
behingoan bere brujula
hala esan diot hartuz
ahots goxo ta ahula
“ez al zara konturatzen
arazo bat daukazula?”
Bertsolariak behar izaten dituen ohiko minutu edo bi minutuak luze iritzita aritu da Eñaut Martikorena bakarkako ariketan. Guztira minutu erdi bat besterik ez du behar izan hiru bertsoak pentsatzeko. Hernaniarra ez da guztiz gustura etxeratu jaso duen puntuazioarekin, hala adierazi du agurrean. Bederatzi puntuko hiru bertso eder osatu ditu, bere horretan dakartzagunak:
Nahiz juxtu-juxtu kabitu
asko kostata erditu
baneukan nahiko meritu
bultzaka nintzen harritu.
Inguru horta gerturatuak
erizain eta mediku
hankatik jarri zintzilik eta
toallarekin garbitu
arnasa azkar hartu zuen ta
ez nintzen asko larritu…
Baina denbora badoa eta
bera ezin da mugitu
oraindik ere etxen bizi da
ta hogeita zazpi ditu!
Ikasi ingenieritza
nahiz ta maite duen hitza
hortxe joan zan bere gisa
unian nahiko ekintza.
Nahiz ta jadanik izango duen
maisuak aina jakintza
obsesiboki maite du harek
izan e bertsolaritza…
Gero lanikan ez du topatzen
gaztiak hola dabiltza
ta hau etxian tokatzea re
benetan ez al da grisa?
Ai lanerako bertsotan aina
hau saiatuko balitza!
Txapelketa zun gainera
ta publikoa gainera
nahiz ta ez dan jun gainbehera
ta be ustez in aurrera
agurra fuerte bota du baina
puntuatuan txarrera
gixarajuak honetan ere
topatu baitu barrera
erdi negarrez hor iritsi zait
afal orduan etxera
esan behar diot “lasaitu zaitez
ume koskor bat ez zera”
ta han bialdu´izuten bezela
zuaz hemendik kalera.
Harituz-eko bertsolariak, maila bikainean
Amaitu dituzte fase honetako lanak Tolosaldeko bertsolariek. Maila oso onean aritu dira laurak ere. Haritz Mujika eta Oihana Iguaran hurrengo faserako prestatzen hasiak dira dagoeneko; Unai Mendizabal eta Beñat Iguaran entzuteko plazaz plazako ibilira gerturatu beharko du entzuleak. Finalerdietan sartuko da Aitor Mendiluze, egungo azpitxapelduna
Behin-behineko sailkapen taula, Bertsozale.eus-en argitaratua.