Kontsum-i-tu?

Erabiltzailearen aurpegia Miguel Angel Cestau 2014ko otsailaren 21a

Txanponaren aurpegia eta gurutzea. Horrelakoa da gure bizia eta baita gizartea ere, bi aldeak ditu eta ezin batekin bakarrik bizi bestea ahaztuz. Denok nahi dugu dirua, osasuna, eta zoriontasuna eta ahal den urrutien gaitza eta miseria.

Jakiekin ere beste horrenbeste. Nafarroako esparragoak goxoak dira baino Perukoak merkeagoak, txerriaren solomoa ederra da baino urdaia ere aprobetxatu behar, baserriko arrautzak beste zapore bat dute baino kaiolan pentsu emanez egunero bat egiten duen oiloa nahiago.
Kanpotik, eta askotan oso urrutitik, ekartzen diren jakiak gero eta ugariagoak ditugu gure dendetan. Prezioari bakarrik begiratuz askotan bertakoak baino merkeagoak, nola da hau posible? Lagun batek esaten duen bezala «tontoa izateko ez dago estudiatu beharrik». Goxoa, kalitatezkoa, eta merkea nahi dugu, eta txanpon honen gurutzeari ez diogu begiratu nahi: non ekoiztu da? Nola? Nork? Zein baldintzetan? Guzti hau ez jakiteak edo ez jakin nahi izateak ez digu gure arduraz libratzen, ostrukarena egitea ez da bidezkoa.
Herrialde pobre askotan, natura txikituz, kutsatuz eta besterik ez duen jendea esplotatuz lortzen dira guregana iristen diren hainbat eta hainbat elikagai, material eta produktu. Badirudi berdin zaigula, edo errua ez dela gurea, sistema horrela egina dagoelako.
Garai bateko inperioetan (grekoak, erromatarrak,… ) aberatsak esklaboen kontura bizi omen ziren. Gaur egunean iruditzen zait gu gaudela aberatsaren lekuan eta nazio txiroetako milioika eta milioika pertsonen kontura bizi garela, kontsumismoaren faltsukeriarekin sorginduta eta itsututa, egunean kilo bat zabor baino gehiago sortuz, atez atekoarekin bueltaka, iragarki eta modarekin tontotuta, eta krisia gaindituko dugun esperantzarekin.
Uste dut sistema bera dagoela krisian, sistema aldatu beharra dago, ez gaitu zoriontsu egiten, eta planeta gutxi batzuk jaten ari gara beste asko miseriara kondenatzen ditugun bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!