Izan txantxangorri

Erabiltzailearen aurpegia Miguel Angel Cestau 2014ko urt. 24a, 10:54

Aurreko batean tik-tik-tik sumatu nuen txantxangorria gure etxe inguruan eta nahigabean berari begira aritu nintzen txikitako oroitzapenak burura zetozkidan bitartean.

Badu txori txiki honek iman berezia, bere doinu melodiko eta metalikoarekin alaitzen ditu gure baso eta lorategiak, eta gutxien espero dugunean azalduko zaigu bide bazterrean edo sumatuko dugu estarta baten sasi artean.

Tik-tik-tik, zenei deika ote dabil? Ez dirudi kezkatuta neguaren hotzarekin, alderantziz, alaitsu mugitzen da keinu biziak eginez. Txori berezia da dudarik gabe, ume nintzenetik iruditu zait maitagarria. Bere bular laranja dotoreak bereizten du baina lumak kentzen badizkiogu benetan txikia dela ikusiko genuke, bost azukre-koskor pisua besterik ez omen du (20 gramo inguru).

Zizare eta intsektu txikiak ditu gogoko eta hauek lortzeko ez da ikaratuko naiz eta zu inguruan ibili. Erresuma Batuan oso maitea omen da, lorezainaren laguna bezala ezagutzen dute gure 'robin' txikia.

Negu partean paraje epelak maite ditu, asko Europa iparraldetik gurera etortzen dira milaka kilometro eginez, lurraren eremu magnetikoak iparrorratz moduan erabiliz; beste batzuk berriz gure artean gelditzen dira urte osoan.

Harrigarria da naturaren indarra eta aberastasuna. Mundu bakar dat denontzat, baino guztiok dugu gure lekua; elkarrekin bizi gara, batzuetan lagun, bestetan etsai, baino denak beharrezkoak katea ez bada puskatuko. Handiak eta indartsuak nagusi dirudite, baino txikiaren trebetasunarekin ez ahaztu, nahiago dut gure txantxangorria bele beltz zikin bat baino.

Gero eta gehiago gara errepide, kotxe, eta makinez inguratutako mundu artifizial batean bizi garenak. Naturarekiko arteka gero eta handiago den honetan ez genuke ahaztu behar non dauden gure sustraiak, eta beldurrik gabe gure txikitasuna onartuz, tik-tik-tik kantatuz, bizitzaz gozatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!