Guraso askori abenduan jostailu denda batean sartzeak buruhauste asko ematen dizkigu, hain da zabala dagoen aukera. Neurria bilatzea da zailena, gaur egungo umeek zenbat opari jasotzen ote dituzte? Auskalo! Esku-gurdi ona seguruenik guraso, aitona-amona eta osaba-izebenak kontutan hartzen baditugu.
Haurra txikia denean, asko ez du behar, gurasoak gara askotan neurria galtzen dugunak. Umea koxkortzen denean berriz izaten da neurririk gabe eskatzen hasten dena; ez da harritzekoa, Olentzero magikoa da eta telebistaren bonbardaketa ikaragarria.
Azken urtetan aldaketa handi bat bizi izan dugu opari motari dagokionez, orain dela 20 urte adibidez, teknologiaren aplikazioa oso basikoa zen eta garestia, etxe askotan kotxe-mandoa edo bideojoko bat oparitzeko aukerarik ez zen izaten. Gaur egun berriz puntako teknologia oinarri duten jostailuak gure eskura ditugu: bideojokoak, internet konexiodun telefonoak, argazki kamerak, tabletak… Zerrenda izugarri zabaltzen ari da eta atzean dagoen industria ekoizlea geldiezina da; etorkizun labur batean indar gehiago hartuko dutela begi-bistakoa da.
Baina badira aldatuko ez diren gauzak eta ahaztu behar ez ditugunak, adibidez, zoriontasuna ez dagoela jostailu kopuruarekin edo hauen balio ekonomikoarekin lotuta. Ez hori bakarrik, guraso bezala gure eginkizun nagusia umeak heztea da, eta bide horretan ezinbestekoa da mugak jartzea. Txikitatik ikasi behar da nahi diren gauzak lortzeko lana eta denbora behar direla, erraz lortutakoarekin gutxi ikasten da eta bidea aldapa gora jartzen denean ezin.
Bukatzeko gogoratu oparirik onena beraiekin jolastea dela, berdin dio kanikatan baldin bada ere, asko jostatu.