Adunatik Arditurrira

Erabiltzailearen aurpegia Miguel Angel Cestau 2013ko azaroaren 29a

Arditurriko mina zulo zaharrak ez du lurrazpiko isiltasunean ahaztea nahi. Erromatar garaian, duela 2.500 urte, granitozko Aiako Harriaren mendigunearen inguruko gizon-emakume batzuen bizibeharrak bultzatuko zituen harkaitzean zuloa egitea. Garai hartako bizimodua ez zen xamurra izango, janzten zituzten arropak, bizi ziren etxeak, lanerako zituzten tresnak, neguaren hotza eta argitasun falta etortzen zaizkit burura.

Darwin-en eboluzioaren teoria eta selekzio naturala bizi-bizian imajinatzen dut, errukirik gabe ahula edo gaixoa ito arte estutuz, alperra eta bakartia miseriara kondenatuz, arroa eta itxurazalea ridikuluan jarriz.

Garai gogorrak benetan, baina hala eta guztiz egunero jan beharrak, naturaren gordintasunetik babestu beharrak, eta odolekoak aurrera atera beharrak, ematen dio nonbait gizakiari indar neurri-ezina. Eta aurrera atera ziren, mendiari minerala kenduz, basoari egurra eta lurrari janaria.

Haitzulotik ateratako zilarra hasieran, eta burdina, beruna eta zinka ondoren, izan dira ia gaur arte irekita mantentzearen arrazoia. Adituen esanetan, 400 gizon 200 urtez lanean arituta ere, bukatuko ez litzatekeen meazulo ikaragarria dugu Arditurrikoa.

Gaur egun, kotxea hartu eta bertara erraz asko joan daiteke edonor; igande honetan bagoaz Adunako 70 lagunetik gora meatzea ezagutzea gure kalefakziodun kotxez, argazki kamara automatiko eta whatsapp-dun mugikorra hartuta. Gauzak asko aldatu dira, dudarik gabe, baina pentsatzen dut, muinean, lehengoak garela, eta garai batean gure arbasoak nozitu eta ikasitakoa geneetan daramagula.

Ea egun polit bat pasatzen dugun, eta iluntasunaren laguntzarekin, garai bateko aztarnak ikusiz, aspaldi lokartuta ditugun instintuak pizten zaizkigun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!