Ze gauza, honek ere fin egin du bere lana, sekula ez da kexatu, aldian behin zakua hustu eta aurrera, eta ordainetan esker txarra besterik ez du jaso.
Eskerrak makina den, arimarik ez duen, eta hala ere pena ematen dit. Gaixoa, konpontzen saiatuko naiz.
Bai, asmoa ona da, baino trabak besterik ez ditut aurkitzen bidean. Hasteko, «instrukzio orrietan» laguntza gutxi, balio duen informaziorik ez dago, eskerrak eskua sartzeko beldurrik ez dudan; ondoren tira-fondo buru alu horiek, erreminta normalak ez balio; azkenean motorrera iritsi naiz, ez gutxi kostata, itxura ona ez dauka, ilun xamarra dago, ez da harritzekoa jakinda zein den bere lanbidea.
Internet jainkotuari esker eta ordu bat pasa ondoren, konklusio triste honetara iritsi naiz: munduan aspiradora klase gehiegi dagoela, eta nire ELECTROLUX Z5240rentzako motor berriak 150 € balio dituela (berritan ez zuen askoz gehiago balio).
Hau da ataka, edo aparatu zaharrari motor berria jarri edo zakarrontzira bota eta berri bat erosi; bihar erabakiko dut.
Gaur egungo diru eskasiak ze pentsa ematen digu eta zaharra konpontzea ez luke bide zailagoa izan behar. Ba, justu hortxe dago koska, gaur egungo gizarte ereduaren euskarria den gure ekonomi zauritu honetan gauzak ez dira horrela: konpontzea baino merkeagoa da berria erostea, teknologikoki bizi-iraupen mugatua duten diseinuak gailendu dira, berrerabilpena ez da errentagarria, eta «usar y tirar» delako pentsamoldea oso errotuta dago.
Norbaitek ba al daki nora goazen? Nik ez.