55. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Jaialdi giroa izan da atsegin

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2024ko aza. 4a, 18:00

Horra egunotan entzun eta ikusitakoek sortu dizkidaten sentsazioak, horrela uler daitekeelako emari hau: hunkidura, estimulazio, jakin-min asetze, berritasun iturri, fantasia, amets edo baita asperdurarik edo ulertezinezkorik ere agian.

Abesbatza bakoitzak aldez aurretik markatutako proiektu eta helburuen lorpenean islatzen digu bere lana. Abiapuntua baina oso anitza dute, geografikoa eta kulturala, naiz eta eredu mendebaldarra eta historian kolonizatzaile izan dena gailentzen den ezinbestean. Hau dela eta, bi multzo nagusitan banatuko ditugu; entzundakoak, batetik europarrak eta bestetik hego-eki-asiarrak (beren heterogeneitatetik). Ezkontzea zaila suerta daiteke asiarrek gure musikaz duten ulermena eta guk beraienaz duguna. Ordea, guztiek onartu dute joko zelai berean aritzea eta ezinbestean ia soinu tresnak, (korua) behar ditu bete hainbat baldintza eta parametro: afinazioari eustea eta elkarren artean armonia mantentzea, kontu hauek lanak eman dizkie askotxori, zuzenean lotura du honek zuzendariak aukeratzen duen ahots emisio ereduarekin besteak beste. Ifrentzuan berriz edertasunezko tarte zenbatu ezinak saioetan zehar jasoak, inperfekzioa eta ximurretik ere bai baita edertasunik; Lituaniako Kivi neska gazteen eszenaratze askea zurruntasunaren morrontzetatik urrun eta zuzendari beharrik gabe da horietako adibide, edo jaso ditugun urruneko hainbat doinu bitxi, erritmo exotiko, dantza eta koreografia tribal eta moderno.

Baieztatuko nuke talde askotxorentzat berpizkunde edo erromantizismo garaiei heltzea «klasikoak» oso gaitza zaiela, ulermenetik batetik eta teknikoki eskatzen duen moldatzeko gaitasunetik bestetik eta noski lehiaketak emanaldi konpletoak saritzen ditu. Estatu Batuetako musika eta espiritual beltzekin ere gertatzen da gauza bitxia: duten hedaduraz arrakastatsu dira taldeen errepertorioetan baina gutxik dute sakonki hauek benetan garatzeko gaitasuna, espiritualtasun berezi eta esankor batetik jorratzen ez badira, musika anekdotiko bihur daitezke eta teknikoki ere diruditen baino exigentzia handiagokoak dira. Mikrokosmos eta Cape Town izan dira horretan gehien asmatu dutenak. Azken hauek folklorea egiten gogotsu, asko gozarazi gaituzte, musika beltza lehen aldiz oparo eskaini ere Tolosan antzinako hizkuntza guturalen doinu eta guzti.

Paradoxa da bi katedraleetako talde oso gazteak besteen gainetik nabarmendu izana; Suediako Storkyrkans Helene Sturenborgen esku argietan, Gallus en bi koroetarako oihartzun efektu erakargarriak eman dituzte bai eta melodia xinple edo garaikide konplexuak, guztiak edertasunez landuak, beraien indarguneak erakusten maisuki.

Rigako Katedralekoa eta Jurgis Cabulis zuzendari letoniar gaztea esango nuke izan dela jaialdiko izar nagusia nabarmen, men egiten die bere herrialdeko tradiziozko jakinduriari, keinu zehatz eta alferrikakorik gabe; Esku artean duen makina malgu eta moldatzeko erraztasun handikoa, garai eta estilo guztietako musikari txinpartak ateratzen dizkio, eta berdin darama Gesualdoren eskala zailetara edo garaikide eta erritmo aldrebesenera arte, ahotsek elkar entzunezko jarrera oparoan eraldatuaz.

Folklorean behartua izan den obrak, Nafarroako dantza doinuen gainean David Azurzak sortuak ere eman du zeresana, itxurazko xinpletasuna tentuz eta eraginkor egitea zuzendari onenen eskura bakarrik izan da. Pena inor dantzan aritu ez izana!

Sing Philippines taldearen bitxikeria: joan den mendean arrakastaz Donosti Ereskik ekarri zuen Dallapiccolaren Malammogliat obra exijentea berriz entzuteko aukera eskaini digute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!