50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

[Kritika] Eresbil Termitentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2018ko aza. 6a, 09:27

Tolosako Abesbatza Lehiaketak 50.urteurrenean bezalako izar juntadizorik sekula eman ez denaren baieztapena egiteko ahalkeriarik badela aitortu behar.

Hauetarik asko gazteen formakuntza bidean trebatzeko proiektuak, arteek gurean baino pisu eta esangura nabarmenagoa duten herrietakoak, hala nola, Norvegia, Frantzia, Letonia edo Suedia. Lizardik zion: Ai hegaztia banintz! Eta guk ere amesten dugu noiz bait 'ogia eta zirkua' (futbola eta kontsumoa) hobesten eta bultzatzen den gizarte hau baino kultur eragileago litzatekeen gizarte bateko parte bagina?

Aurtengorako formula berria erabili zuen antolamenduak: azken eguneko finalera iritsitako lau talde distiratsuenak zerotik abiatuta dema jokatu zuten igande goizean, egunero lez lepo izan den Leidor antzokian. Jendetza eta 16 abesbatzen gorengo maila dira ekitaldi honek lortu dituen inoizko bereizgarri nonbratuenak. Aurreko hiru egunetan zehar gozatu genituen saioetatik bagenuen gutxi asko emaitzei buruzko kiniela eta hala, sailkaturiko lehen lauren zerrendarekin konforme geunden. Frantziako Mikrokosmos zen, ezbairik gabe, heterodoxiaren iturritik edaten duenez, eredu honetan kabidarik izan ez zuena. Star Wars bezalako film futurista baten giroan sartzeko gonbita egin zigun Löic Pierre zuzendariak, asko plazerez lurreratu ginen beren planetan, zenbait aldiz asaldatu ziren proposamenarekin. Artista garaikideak, bere jardunaren bidez maiz horren bila egiten du saiakera, entzulearengan ezinegona sortzera. Finean Cirque du Soleil antzeko zerbait, freskoa eta elaboratua aldi berean, honetan gabiltzanoi ideiak nahasteko edo kitzikatzeko balioko diguna.

Bertako bi talde ere aurkeztu zitzaizkigun, zorionekoak. KUP taldea eta Errenteriako Landarbaso, geurean ere lanerako gogoz eta ilusioz proiektuak badabiltzanaren seinale. Bien abiapuntua desberdina: lehena bateko eta besteko abeslari nagusiki gipuzkoarrez osatua, eta Baltes irakasle frantziarraren eskura; bigarrena, herri baten oihartzuna eta urteetako harrobi lanaren lorpen zoragarria. Tinbre anitzez aberastua lehena, eta konpaktu eta homogeneoa errenteriarra. Baltesek maisuki era klasikoan josi zuen egitaraua ahalik eta garai esanguratsuenetako laginak jorratuz eta taldeak dituen baliabide muturrenekoei etekina atereaz. Berpizkundeko kontrapuntuak ondorengo apaindura arinak, erromantizismo garaiko joskera malguak edo Brittenen jario indartsuak ederki menderatzen ditu Gabrielek eta gustura egiten dio men taldeak eta horrela lortu zuen zuzendari onenaren saria. Tolaretxipik bide labainkor izan zitezkeenak alboratu eta XX. mendearen erditik aurrerako lanetan jarri zuen atentzioa. Lan eta lan lortu duten doinu borobilaz, esker oneko dituzten Gjeilo, Matsushita edo Dominguez bezalako egileen mesedetan segurtasunez jardun ziren.

Igandekoa nola; Bataviakoak (Indonesia) fresko genituen memorian, eta azken aldian izan zireneko egitarau antzekotsu, sendo eta sarkorraz itzuli ziren Tolosara. Bi ekitaldietan ezustekorik gabe maila gorena eman zuten.

Oreyakoei (Ukrainia) eta nagusi duten Vatsek aztiaz hitzak ere motz datozkit. Armonia eta soinurik konplexuenak halako ozentasun eta garbitasunez inoiz gutxitan inori entzun dakizkiokeen moduan egitea lortzen du. Urteetan entzun dudan instrumentu moldagarri eta oparoenetakoa dela esan nahi dut.

Garai eta konpositore bakoitzarekin metamorfosia lortzen du, talde britainiar zenbaitek egin ohi duen antzera baina beste planeta bateko botereak bailituzkeen iduriz; Victoriaren soiltasuna arintasunez, Schnittkeren trinko eta sendotasuna ekialdeko errituen tradizioan, Poulencen irakurketaz sekula horrelako gardentasunez azaleraturiko joskera eta pianissimoak, txori kanta deskriba ezinak edo eta Leonardoren hegan egiteko ametsetatik Bustoren Ametsetan festa eta otoitz prediku zoragarriaren mugetaraino zoramenera eraman gaitu. Baina, baina, igandean ez zuten asmatu egitarauarekin eta dirudienez akituak ziren bezperan Borjan (Zaragoza) eskainitako kontzertutik oso berandu iritsi izanarekin.

Suediako St. Jacobs Vocalensemble gaztea ere berriztatua guztiz, indartsu. Atseginez entzuten den Victoria gaztelarraren musikaren interpretazio iradokitzailea egitea deliberatu zuten, erotikoa esango nuke bigarren sopranoak nabarmenduz. M. Scölden obran eta espiritualean aldiz patroi erritmikoari oso malgu eusten jakin dute. Baliabide tinbrikoetan onenen pare ez egonik ere musika garaikide trinkoenean jarri dute beren intentzioa. Egitarau osatuenaren saria jaso eta bigarren saiorako maila bat gora egiteko sena izan zuten.

Eta, azkenik, Kamer Koris letoniarra. Hogeitaka urteren bueltako adinekoez osatua zuzendaria barne. Oilo ipurdia eragiteko hamaika okasio galdu ezinak igortzeko gai. Bat-bateko inpresioa amultsu eta samurra. Gaztetasunaren indar eta kemenak puri-purian. Lanbroa mendian gora behera, hala beraiek soinuarekin jolasean. Orfeoi trumoitsu izatetik, istantean tximeleta hauskor izatera. Ezustekoa berriz letoniera eta euskara batzen dituen Sarasolaren Veja Mate itsasoko kondairarekin izan nuen ordea. Musikalki ideia oso jasoa eta egiteko eran txundigarria, Itsasoa laino dago kantatzen zuten itzuli ez den marinelaren hiru arrebek. Final handirako nonbait aurreko saioaren azterketa sakona egin eta egun eta erdiren bueltan berregituratu eta ahal zitekeen neurrian lana eraldatzeko gaitasun txundigarria erakutsi ziguten; Soberazko bolumen momentuak menderatu eta espresioan are eta gehiago sakonduaz, teknikoki gehiago egiterik zaila baitzuten eta ahala, ikuslegoaren saria jada lortua izanik epaimahaiarena ere argi irabazi zuten.

Azken urteetan ematen ari den paradoxa koruek dakarten euskal musikaren aniztasun falta da, noski hau ez da estimu handia diedan Elberdin, Busto eta Sarasola konposatzaileek sorturiko arazoa, beraiena bertutea baita, urteen joanean sorkuntzari ekiteko iraupenean setatsuki jarraitzeko kemena: edo mozal legeak eraginda euskal konpositoreek muzin egin diote lanari edo Eresbil termitentzako parke tematiko bihurtzekotan dira. Txantxak alde batera utzita, problema estrukturala da eta gure musikaren ondareaz zabaltzen ari den ikuspuntua pobretzen ari da bizkor.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!