50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

[Kritika] Emaitzaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2018ko aza. 4a, 08:01

Goizean kantatzea tokatu zaie lehiaketaren lehen zatiko azken hiru koruei. Goizean aritzeak ekar lezakeen desabantailaz gain, atseginez entzun ahal izan ditugu neurri egokiko saioan zehar.

Erresuma Batuko Comvivium Kantariek gehiagorako aukerak dituztela dirudite bat batean: ahots barreneko batasuna hobetu eta fintzeko galbahe xeheagotik lan egin ezkero. Halere, Martinen bi korurako Sanctusean talde txikiak zatiturik ere dohainak erakusteko ahalegina gauzatu du elkar zapaldu gabe. Gregoriar Ave Mariaren euskarazko itzulpena oinarri ,gauza polita ekarri digute ere opari Basque Rosaryn. Gizonezkoen ahotsen kolore bizia nabarmenduko nuke. Amaierarako swing onarekin bereganatu gaituzte M Hoganen Espiritual batekin.

Gertuagotik etorri dira El León de Oro asturiarrak, gazte gazteak, nire iritziz lehen kantetan tentsioaren zama astuna ezin gainditu ibili dira. Laugarren ahapaldirako zuten Dubraren Duo Seraphinerako askeago eta ohikoago duten segurtasunera bideratu dira. Brahamsen op.30-ean pianoarekin uztartu eta emozioak kitzikatzeko orekaren jabe ziren eta aitzinerakoan indartsu ekin diote, Elberdinan Asturies, gaiteroaren kantarekin publikoa kolkoratzea lortu arte.

Alemaniako Saabrüken, G. Grünen eskuetatik, kalkulu handiko eta aldi berean feeling hotzeko, noski nire ikuspuntu partikularretik. Hori esan eta berehala azpimarra jarri behar bereziki kantatzeko izugarri zaila den ekuazio matematiko konplexuan eraikitako Arnold Schönbergen Friede aur Ereden burutzeko maisutasuna. Benetan hitz handiotsak horiek!

Eta hitz eta pitz heldu berri zait azken saioan bigarren bueltan lehian izango diren lau talde hautatuen zerrenda. Mikrokosmos da ezbairik gabe heterodoxiaren iturritik edaten duenez, eredu honetan kabidarik ez duena, Japoniako Kinokai – Kanami talde gazteak ere gertuko tokia eskuratuko zukean baina eskarmentu zabalagoaren jabe beharko lukete izan horretarako.

Gainontzekoen hautuak bidezkoa dirudi nire belarrietara: Oreya (Ukraina), Batavia Madrigal Singers (Indonesia), St. Jacobs Vocalensemble (Suedia) eta Kamer Koris (Letonia). Nire iritzia irakurtzeko aukerarik izan baduzu, epaiarekin bat etorri izanaren arrazoiak ezagunak zaizkizu.

Bihar Kantu Olinpiadaren erramua lortzeko azken aukera izango dute guztiek, halere eta gerta badaiteke, nik ez nuke azken momentuko irristara edo estropezuren menturaz ezer gertatzea nahi, ez eta dagokiokeen tokirik inork galtzerik. Entzundakoak entzunda garbi daukat nork, atrezzo futuristarik gabe eraman nauen beste galaxia batetara eta zeini jantziko niokeen txapela. Ukrainiako Oreyari hain xuxen.
Bihar ikusiko dugu emaitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!