Hauetarik asko gazteen formakuntza bidean trebatzeko proiektuak, arteek gurean baino pisu eta esangura nabarmenagoa duten herrietakoak, hala nola Norvegia, Frantzia, Letonia edo Suedia. Lizardik zion: Ai hegaztia banintz! Eta guk ere amesten dugu noizbait ogia eta zirkua (futbola eta kontsumoa) hobesten eta bultzatzen den gizarte hau baino kultur eragileago litzatekeen gizarte bateko parte bagina.
Norvegiako Schola Cantorumek, narrastiek azala aldatu ahala belaunaldi berriari eman dio bidea. Kolore atsegin eta jarioan erraz moldatzekoa baina batzuetan Elgarren uretan sakontzean adibidez alderrai xamar aurkitu dira.
Suediako St. Jacobs Vocalensemble ere berriztatua guztiz, Zelanada Berriko errugbi jokalarien pare eman du sarrera: indartsu. Atseginez entzuten den Victoria gaztelarraren musikaren interpretazio iradokitzailea egitea deliberatu dute, erotikoa esango nuke bigarren sopranoak nabarmenduz. M. Scölden obran eta espiritualean aldiz patroi erritmikoari oso malgu eusten jakin dute. Baliabide tinbrikoetan onenen pare ez egonik ere musika garaikide trinkoenean jarri dute beren intentzioa.
Eztanda Frantziatik iritsi zaigu, ordea, Star Wars bezalako film futurista baten giroan sartzeko gonbita egin digu Loic Pierre zuzendariak, asko plazerez lurreratu gara beren planetan, zenbait aldiz asaldatu dira proposamenarekin. Artista garaikideak, bere jardunaren bidez maiz horren bila egiten du saiakera, entzulearengan ezinegona sortzera. Garaian garaiko sortzailearen lanak errealitatearekin talka egitea seinale ona dela pentsatzen diotenetakoa naiz eta hori nabarmen gauzatu da Mikrokosmosen lanarekin.
Itxura estetikotik hasi, non generoaren gainetik pertsona futuristek espazioa okupatu duten eta arkuen bidez eragindako metalezko diska batzuen bidez sorturiko armonikoen bidez giro propioa lortu duten. Finean Cirque du Soleil antzeko zerbait, freskoa eta elaboratua aldi berean, honetan gabiltzanoi ideiak nahasteko edo kitzikatzeko balio diguna. XXI. mendean bizi eta beti, iragana diren azken bostehun urteei begira jarraitzen dugun lurtarrak, koru musikari dagokionean. Gure garaiari parez begiratzeak izutzen dituen gizaki izutien antzera sentiarazten gaituzte. Filma amaitzeko kredituetarako O. Matreren (norvegiarra?) Aleluia zoragarriaz agurtu gaituzte txori kantez apaindua. Frantziarrek horrela ekiteko gaitasuna demostratu ohi dute, onerako eta txarrerako ere.
Salt Lakeko kantariek ohikoagoak diren bide zidorrak zeharkatu dituzte. Estruktura funtzionala eta heterodoxoa beren lana. Inguruko taldeek sortutako zirraratik urrun samar.
Eta azkenik Kamer Koris letoniarra. Hogeitaka urteren bueltako adinekoez osatua zuzendaria barne. Oilo ipurdia eragiteko hamaika okasio galdu ezinak igortzeko gai. Bat bateko inpresioa amultsu eta samurra. Gaztetasunaren indar eta kemenak puri-purian. Lanbroa mendian gora behera, hala beraiek soinuarekin jolasean. Orfeoi trumoitsu izatetik, istantean tximeleta hauskor izatera. Tartean erlaxamendu bezala XVI. mendeko J. Farmerren perla, Sarasolaren Neskatx' ederraren zenbait armoniaren aurkezpen ezin orekatuagoa, melodia aldiz labainkorrago egitea eskatzen zidan belarriak.
Ezustekoa, berriz, Letoniera eta Euskara batzen dituen Sarasolaren Veja Mate itsasoko kondairarekin izan dut ordea. Musikalki ideia oso jasoa eta egiteko eran txundigarria, Itsasoa laino dago kantatzen zuten itzuli ez den marinelaren hiru arrebek. Atzo entzundako Oreyako taldearen goi maila bertsukoak baina heldutasunak ematen duen sosegu eta sakontasun intimoak deskubritzeko urteak aurretik izango dituenaren abantaila eta gabeziekin.