50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

[Kritika] Gozamena zorameneraino

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2018ko aza. 2a, 10:00

Ukrainiako Oreya abesbatza, atzo

Arratsalde bakarrean sei orduko gorabeheran, zortzi talde eta zortzi musika bizitzeko manera ia liseritzeko astirik gabe.

Zentzumenez horrelako lana jarraitze hutsak esfortzu latza eskatzen du. Guztitik xurgatu nahia, ñabardura ororen zergatiak eta motiboak zein ote diren arakatzea saiatzeko gogoak bultzatzen nau horretara, nahiz eta taldeei buruz erreferentzia gutxi-asko aurretik izan.

Bizitzan, oro har, kirolean edo edozertan gerta ohi denez, esango nuke bi talde garai bateko dizdira lausoturik iritsi zaizkigula antzokira, hala nola; The Atenei Chamber Singers (Filipinak) eta I Vocalisti (Alemania) eta idatzi hau gainontzekoen jardunera mugatzea hobetsiko dut beraz.

Japoniako Kinokai – Kanami gazte abesbatzak hautsi du izotza. Kontzertuko obrak, bakarra bailiran harilkatu ditu era logikoan, taldearen gaztetasunaz baliatu eta hutsuneak hutsune, gai bakoitzari zegokion mezuaren interpretazioa igortzea lortu dute Fujii maisuaren aginduetara: argitasun bila esperantzaz (Super Fluminan), gizaki alderraiei deika dramatismoz (O vos Homnesen), xamurtasunez (lo-lo) edo Picassoren Gernika koadrotik ateratako (Hiroshiman) eta Kontxako su festetako trakaren antzera amaitu du dantza eta jauzika entzuleak inguratu eta motibatuaz.

Bertako bi talde ere aurkeztu zaizkigu, zorionekoak. KUP taldea eta Errenteriako Landarbaso, geurean ere lanerako gogoz eta ilusioz proiektuak badabiltzanaren seinale. Bien abiapuntua desberdina: lehena bateko eta besteko abeslari nagusiki gipuzkoarrez osatua eta Baltes irakasle frantziarraren eskura. Bigarrena, herri baten oihartzuna eta urteetako harrobi lanaren lorpen zoragarria. Tinbre anitzez aberastua lehena eta konpaktu eta homogeneoa errenteriarra.

Baltesek maisuki era klasikoan josi du egitaraua ahalik eta garai esanguratsuenetako laginak jorratuaz eta taldeak dituen baliabide muturrenekoei etekina atereaz. Berpizkundeko kontrapuntuak ondorengo apaindura arinak, erromantizismo garaiko joskera malguak edo Brittenen jario indartsuak ederki menderatzen ditu Gabrielek eta gustura egiten dio men taldeak. Tolaretxipik bide labainkor izan daitezkeenak alboratu eta hogeigarren mendearen erditik aurrerako lanetan jarri du atentzioa. Lan eta lan lortu duten doinu borobilaz, esker oneko dituzten Gjeilo, Matsushita edo Dominguez bezalako egileen mesedetan segurtasunez jarduten dute. Cadarioren Lau Teilatu bertsioa, sekzio erritmikorik gabe nola dastatu! Finean, talde lana hizki larriz. Lokomotorearen labea piztu orduko rodamentu guztiak olioztatuta eta milimetrikoki elkar lotuta aurrera doan proiektua.

Kubako Entrevocesek kontraste nabarmenez planteatu du bere lana: soinu apala izan du bereizgarri, behar bada apalegia zenbaitzutan, hauskor gertatzera arte batzuetan edo zenbait ñabardura noiz iritsiko sentsazioaren esperoan bestetan. Gau udatiarretako aire epelezko ufada airosa zirudien zenbaitzutan. Hunkitu nau bereziki Bustok nire aitaren heriotzean konposaturiko eta St Jacobs abesbatzak estreinakoz kantatu zuen Soinuen Itsasoan entzuteak. Kubako folklorearen pasio bideetan aldiz gaindiezinak dira, guretzat beti izan da erakargarri eta maitasunez eskaintzen digutenean, are gehiago.

Indartsuena baino, espero bezala, amaieran iritsi zaigu. Esango nuke atrebentziaz eta falta diren taldeak entzun gabe, Ukrainako Oreya eta Indonesiako Batavia Madrigal Singers igandean sari nagusiaren azken lehian entzuteko aukera izango ditugula. Bataviakoak fresko genituen memorian, eta azken aldian izan zireneko egitarau antzekotsu, sendo eta sarkorraz itzuli dira.

Eta Oreyakoei eta nagusi duten Vatsek aztiaz hitzak ere motz datozkit. Armonia eta soinurik konplexuenak halako ozentasun eta garbitasunez inoiz gutxitan inori entzun dakizkiokeen moduan egitea lortzen du. Urteetan entzun dudan instrumentu moldagarri eta oparoenetakoa dela esan nahi dut. Garai eta konpositore bakoitzarekin metamorfosia lortzen du, talde britaniar zenbaitek egin ohi duen antzera, baina beste planeta bateko botereak bailituzkeen iduriz; Victoriaren soiltasuna arintasunez, Schnittkeren trinko eta sendotasuna ekialdeko errituen tradizioan, Poulencen irakurketaz sekula horrelako gardentasunez azaleraturiko joskera eta pianissimoak, txori kanta deskriba ezinak edo eta Leonardoren hegan egiteko ametsetatik Bustoren Ametsetan festa eta otoitz prediku zoragarriaren mugetaraino zoramenera eraman gaitu.

Milesker denei zuen saiakerarengatik, baina aukeran, Alexander Vatseken aurrean, burua auspez txapela kendu nahi nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!