Europar Ekialdeak edo iparrak, aldiz, erabilera zabalagoa eman izan ohi dio. Gurean arrakastak Soinujolearen semea nobelaren garaian jo zuen goia, nonbait. Horrelako zerbait gertatu da ere gizonezko ahotsez osatutako abesbatzek azken berrogei urtetan gainbehera ezagutu dute. Joan ziren Leidor koruaren loriak. Efemeride sasoia dela eta kontu horiek datozkit burura, besteak beste, presaka lanetik iritsi ezinda Leidorko atea zeharkatu eta urteroko giroa sumatu dudanean.
Gero, gero zer? Lehiaketen lehiaketa den honen aurkezpen kontzerturako ikusmin edo espektatiba handiz besaulkian eseri eta bai; talde oso landu homogeneoa aurkeztu dute, tentu handiz jo duen musikaltasun goxozko pianistaren laguntzaz. Esloveniako Vokalina Akademija Ljublijanak lehen zatia alemaniar erromantizismoko doinu zoragarien ingurumarian atondu du, nire gusturako goxoegi, mp eta mf (erdi suabe eta erdi fuerte) dinamiken artean gehienetan, noizbehinka txinpartaren bat askatzeko aukerarik eman gabe.
Bigarren zatiaren hastapena Bakearen edo Hil Meza politarekin abiatu dute. Gaur egungo koru musika amultsu eta pop ukitukotik gertu, entzute atsegina eta, aipatu dudanez, soinujole gazteak ustekabez harrapatu nau. Kolore hori amaitzeko eskaini diguten ezkontza giroko kanta sorta anitza eta dotorean zehar lotura modura erabili dute. Bai ideia setatsua, herri musikari loturik eztei ospakizuna bezalako gaiaren inguruan, autore desberdinek sortu edo jantzitako bilduma jarraikortasunez eskaintzea. Eta horrela joan zaigu Santu Guztien Egunaren bezperan iragarria genuen aurkezpen kontzertua.
Aurreiritziak sortzen ditugu zerbait aurkezten edo saltzen digutenean eta ezin ukatu, oraingo honetan gehiago liluratuko ninduen zerbait espero nuela, jakinik datozen egunetan hurbilduko zaizkigun talde asko horrelakoak direla, inori meriturik kentzeko asmorik gabe baina.
Eta bukatzeko eta urtemugen harira, konturatu naiz nire hogeita bostgarren urtea (hogeita sei, tartean bat huts eginda) dudala euskal aldizkarietan Lehiaketari buruz idazten: Egunkaria, Egunero, Berria, Hitza, Ataria. Niretzat aldi ero apustu malkartsu bilakatzen da, baina bestetik baita desafio ere. Irakurtzeko pazientzia hartzen duenari eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen. Nik ospatu egingo dut!