Lehiaketak 50 urte, nire kasuan bizitza osoa kasik. Nire haurtzaroaz ditudan oroitzapenetatik, etxeko ingurumarian urte sasoia azpimarraturik bizi izan dugu beti, aita eta izeba-osabak buru-belarri aritu izan baitziren antolaketa lanetan, eta gu zesuma. Urte osoko bileren oihartzunen ostean, Santu Guztien Eguna hurbildu ahala zetorren zurrunbiloa eta etxeko salan ohe tolesgarri horietako bat beti zegoen prest epai mahai kide edo gonbidaturen baten eskura. Leidorreko saio arteko aperitiboak zigarro keez girotuak, batetik eta bestetik etorritako jende interesgarriek ziotenari jakin minez so.
68ko diktadura garai grisean loraldi aroa zen gure jendartean, birsortzeko eta ernaltzeko beharra, hala Tolosan talde batek Euskal Herrian horren errotua zegoen koru zaletasunaren bidea jorratzeko aukera hautatu zuen. Festivales de España antolaketan zirrikitua bilatu eta Euskal Kantuaren Abesbatzentzako Lehiaketari ekin zioten oztopo guztien gainetik. Guztien diodanean esan nahi baitut beren grinak trabak besterik ez zituztela topatu. Dena zegoen egiteke; Euskal Lurralde osoan zeuden koruak astindu eta erakarri, antolatu, suspertu. Euskal musikaren esentziaz eta beste hamaika gaiez jardun eta eztabaidatu. Abesbatzen federazioak izango ziren erakundeen hazia jarri. Herri osoa horretan murgiltzea lortu zen ilusiozko garai gogor haietan. Aurrerago estatuko musikari askotarikoen bilgune bilakatu eta urte gutxiren barruan Europako talde loriatuenak euskaraz kantatzen jartzea ere lortu zen. Gaurko ikuspuntutik behar bada ulertzen zaila dakiguke orduan guzti honek eragin zuen lilura. Mendebaldeko Europatik iritsi zen haize berriaren mugak hautsi eta berehala iritsi zitzaizkigun mendebaldeko herrialde “komunistetako” abeslari trebatu eta askatasun grinaz ase ezinak zirenak.
Bitartean bertakook ikusi, modu askotara txoratu, gozatu eta ahal zen neurrian ikasteari ekin genion.
Hurrengo jauzian ipar herrialdeetako jakinduria eta folklore koloretsu eta, aldi berean, hurbileko zitzaizkigunak iritsi ziren kultur garapen aberatsez. Filipinak, Kuba eta Amerika osotik pausoz pauso gure ondareak kolore gehiago eta anitzagoak eskuratu zituen Elkanoren mundu biran gertatu eta ia bostehun urtera. Herri mailan askorentzat ahaztezinak izan diren eta memorian iltzatuak gertatu dira bizipen guzti hauen arrastoak.
Egun dirudi, eszelentzia bihurtu dela lehiaketaren bizkarrezur, musikagintza ustezko “elite” aren kontu bilakatu balitz bezala, nik bederen ez dut lanbide hau horrela sentitzen, besteren artean katebegi bat gehiago baizik, gainontzeko ofizioekin elkartrukean bizirauten duena. Gure ingurumariari zor gatzaizkio eta berarekin kontaktua mantentzen eta probesten saiatu beharra daukan kolektiboa, lehiaketa kasu, abiapuntu honetatik aldendu xamar ez ote dabilen esango nuke. Salbuespenak salbuespen eta dimentsioan esponentzialki txikiagoa izanagatik Donostiako Zinemaldiarekin alderatuko bagenu jabetuko ginateke honek ikuslegoarenganako hurbiltasuna mantentzeko egiten duen ahalegina. Are gehiago, ekimen hauek herritik sortuak direla kontutan izanik.
Komunikabidetan daukan presentziaz ere beste hainbeste, klasikoak edo teknologia aurreratuenak barne, lausoa deritzot . Eta geroari begira ondorengoei txertatu nahiko geniekeen ondareari buruz hutsune nabarmena daukagu haur eta gaztetxoei begira eskaintzen diren egitasmoei dagokienean. Garai bateko mahai-inguru haien oihartzunik ere aspaldian ez zaigu iristen eta aberasteko ideien elkartrukerako guneak sortzea, naiz gaurko errealitateari birmoldatuak, aurrera begirako ikuspuntu anitzen topaleku eta laborategi aberats bihurtuko lirateke itzuliko balira. Iradokizun hauek behar bada lortuko lukete erakundeekiko harremana hobetu eta honelako egitasmo bakan, garrantzitsu bezain ederrak, gaur egun politikariek dioten hitzetan: estrategikoak, beharrezko duen babesa handiagotzea.
Zorionak aurtengo egitarau oparoa prestatzen milaka ordu eskaini dituztenei eta berrogeita hamar aurrekoetan ere beren ilusioa eta ekimena proiektu bikain honen mesedetan jarri dutenei.
Migel Zeberio, abesbatza zuzendaria