Gozarazi egin digute eta, hala ere, epaituak izan dira, hori baitzuten xede. Zaku berean, Madrilgo Jorcam, haurtxoz osatutako talde xarmanta, ikasketa eta pedagogia lehenesten dituen proiektu interesgarria; maisutasunaz zuzendutako Estokolmoko Musikgymnasium eskolako nerabeen taldea: eta zenbaitetan ihesi izan duten garaipena behin betiko lortzeko, irrikaz gogor landutako Mikrokosmos abesbatza (Frantziar errepublikaren loria).
Lehiaketa bi parametrotan banatzen dela esan daiteke. Batetik, musikak, bere adierarik zabalenean, doinuen bidez sentimenduak pizteko duen gaitasunak, ernaltzeko bide erabiltzen duena. Eta, bestetik, musikaren molde eta garai jakin batzuk lantzeari eskainitakoa. Lehena nahiko unibertsalagotzat eta gaur egungotzat jo genezake. Bigarrena, berriz, historian zehar musikak izan dituen garai eta estetika (mendebaldekoak beti) jorratzen dituena. Azken kantaera horiek polifonia saileko zati handiena ordezkatzen dute; eredu itxiago eta aurreiritziz beteagokoak dira, eta, oro har, obra horiek menperatzeko gaitasuna, gure garaiko musikarekiko duten gaitasunaren aldean, nabarmen apalagoa da koruentzat. Polifonia sailean zenbait garaitako estiloak ordezkatuko dituzten obrak kantatzera behartzen ditu araudiak eta, noski, interpretazioa garai horietakoa omen zen moduan egiteak eskatzen duen malgutasuna eta ezagutza edo, besterik gabe, estilo zaharkitu horri buruz izan dezaketen gogoa, nola-halakoa izan daiteke. Emaitza argia da: koru guztiek, folklore sailaren aldean, puntu galera dute polifonian.
Exotismotik harago, Japoniako Suginami & Kikuka-ko ahots zuriengandik etorri zen, behar bada, doinurik desberdinena. Soinu zuzena eta sarkorra berau; lehen ahotsak egiten zituztenen artean gizonezkoa ere bazen, gure harridurarako. Letoniako Emil Darzins-ek, berriz, tinbre bero eta sentikorretatik jo zuen, eta ezezaguna zaidan T.Machuel konpositorearen euskal kantua ere nonbaitetik lortu zuten, guri eskaintzeko. Cantus-eko emakume norvegiarrei goxotasuna zerien, erabat. Kantu bikainen artean E.Barnum-en Heaven Full of stars edo F.Fjellheim-en Eatnemen vuelie nabarmentzekoak.
Puntuazioari dagokionean, platerik mikatzena Argentinako Tousek jaso du, ehuneneko gutxirengatik laugarren egin baitute. Eta polifonia eta folklorean, tango erritmo eta Pampa usainak gurera ekarriagatik, ezin saririk etxeratu.
Haurren sailari dagokionez, Estoniako Musamari koruko neskatoak talde polita osatzen dute, era jostagarrian lan egiteko aukeraz baliatzen dira, Jorcam-eko madrildarren antzera. Lehengaia haurrak izanik, modu ona dela deritzot, haurren heziketa lehenesteko. Rigako Katedraleko Tiarako neskak, berriz, adinean nerabezaro inguruan izanik, emakume korutik hurbilago dagoen kontzeptu serioagoa dute. Lan antolatua, indartsu eta, aldi berean, malgu, ur sakonetan arakatzen aritzeko moduko taldea. Ezustekoa, berriz, Herrialde Katalanetako Amics de la Unió haurren koruak eman zuen. Koreografiari eta mugimenduari tarte zabala eskaintzeaz gain, teknikoki oso zorrotz ibili zen taldea, freskotasunik galdu gabe, afinazioari eusteko gaitasun handiz, eta zuzendariaren musika kontzeptu landuak argitasunez erakusteko trebeziaz.
Amaitzeko, Mirokosmosi buruz zerbait esan behar: saio bakoitza loturazko motibo baten inguruan harilkatuta eskaini ziguten, kanta guztien artean osotasun bakarra lortuaz. Ondo olioztatuko ingenio edo soinu tramankulua taularatu zuten. Atsedenik gabe martxan dabilena, eta giro batetik bestera garamatzana.
Emanaldiaren osotasuna, zorroztasun, jakituria eta gaitasun handiko ahotsen bidez, batasunean jositako dozena erdi puskarekin oihal koloretsu bat osatu arte.
Ikasten jarraitzeko, badugu erreferentzia ugari!