Martxan da Matx desafioen bigarren fasea

Erabiltzailearen aurpegia Matx 2025ko ots. 21a, 12:00

Hasi da Matx-ek kirol klubekin egiten duen desafioaren bigarren fasea. Asteartetik ostegunera bitartean galdetegi azkarrean, abilezia jokoan eta galdera kateatuetan murgildu den lehen taldea, Tolosako Iruki TAKE saskibaloiko lagunak izan dira.

Lehen faseak izandako arrakasta ikusirik, kirol kluben desafioaren bigarren fasea abiatu da asteon. Lurraldeko zortzi klubek esku hartu zuten lehen errondan: Sanlo (eskubaloia), Mariño-Real Union (futbola), Tolosa (eskubaloia), Soraluze (futbola), Aiztondo (boleibola), Mondragon (futbola), BKL Beasain (saskibaloia) eta Iraurgi ISB (saskibaloia). Planteatu ziren hiru jokoen artean sailkapena zeukaten ‘galdetegi azkarrak’ eta ‘abilezia jokoak’ irabazle bera izan dute: Domusa Teknik ISB saskibaloi taldea.

Orain arteko dinamika jarraituz, astero lurraldeko talde berri bat sartuko da jokoan. Asteartetan galdetegi azkarra, asteazkenetan abilezia jokoa eta ostegunetan galdera kateatuak erakutsiko dira. Orain gainera, ostiraletan, sailkapenaren errepaso bat ere egingo da. Eduki guztiak Matx.eus sare sozialean ikus daitezke.

Jolastuz, komunitatea sortu

Sailkapenaz harago, lurraldeko kirol klub ezberdinen arteko komunitatea josteko helburuz jarri zen martxan kirol kluben Matx desafioa. Modalitate ezberdinak elkartuz, kirola eta euskara erdigunean jarriz, interes komuneko gaiak modu erakargarri batean jorratu daitezkeela erakutsiz.

Desafio irekia

Desafio hauetan esku hartu nahi duen klub edo taldeak aukera izango du joko dibertigarri hauetan aritzeko. Horretarako sare sozialean izena eman eta email bat bidali beharko du matx@matx.eus helbidera erronkan sartu nahi duela adieraziz.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!