Iritzia

Gaueko ezustea

Erabiltzailearen aurpegia Martxelo Otamendi 2021ko ira. 24a, 09:40

Alarma guztiak lanean jarri ziren bart gauean atzo Italiak Sardinian daukan poliziak Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont L'Alguerko aireportuan atxilotu zuenean. Denok harrapatu gaitu ustekabean atxiloketa horrek, Puigdemont bera aurrena, eta bere abokatuak berarekin batera.

Bere aholkulari juridikoek susmorik txikiena ere eduki izan balute Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena instrukzio epailearen eskaera betez atxilotu egingo zuketela, ez dago dudarik ez zioketela utziko Sardiniara joaten. Alemaniako Schleswig-Holsteingo auzitegiarekin jazo zitzaiona nahiko ikasgaia izan zen bere abokatuentzat, eta berarentzat, horrelako esperientzia, horrelako arriskua, berriro ez bizitzeko. Hamabi egun igaro zituen kartzelan, eta 75.000 euroko bermea ordainduta kaleratu zuten.

Bidaia asko egin ditu Puigdemontek azken hilabeteotan Europako Batasunaren barruan, europarlamentari izateak ematen zion immunitatearen ondorioz. Ezer gertatuko ez zitzaion uste osoarekin joan zen atzo Sardiniara Puigdemont, atxilo har zezaketen inolako usterik gabe. Auzitegi Goreneko Pablo Llarena instrukzio magistratuak kalabaza asko jaso ditu Puigdemontek eta bere kontseilari ohiek 2017ko urriaren bukaeran Kataluniatik alde egin zutenetik; bata bestearen atzetik Alemania, Belgika, Suitza eta Eskoziako auzitegiek atzera bota dizkiotelako euroagindu eskaerak. Baina, atzo ikusi genuenez, Llarena epaileak ez du amore eman Puigdemont Espainiara eramateko ahaleginean. Denok uste genuen bide hori agortuta zegoela.

Baina, udan honetan, Frantziako poliziak eman zuen pista bat Puigemonti bidaia horietan gerta zekiokeenaz. Kataluniako presidente ohiak inolako arazorik gabe hartu zuen parte iaz 1968ko udatik Ipar Kataluniako Prada herrian egiten den Udako Unibertsitate Katalanean (Universitat Catalana d’Estiu). Aurten, aitzitik, abuztuaren 16an, unibertsitate hori hasi zen egunean, Frantziako Poliziak unibertsiatearen egoitzara joan ziren Puigdemontengatik galdezka. Antolatzaileek jakinarazi zieten Puigdemont ez zegoela han, eta ez zutela espero. Zertara joan ziren polizia frantziarrak, babesa ematera edo atxilotzera?

Zer gertatuko da orain? Puigdemonten defentsak argudiatuko du Llarena epaileak eskatutako euroagindua indargabetuta dagoela. Aurtengo martxoan, Espainiako Gorenak egindako eskaera betez, Europarlamentuak kendu egin zion immunitatea Puigdemonti, aldeko 400 botorekin eta aurkako 248rekin. Uztailaren bukaeran, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin zuen Puigdemonti europarlamentariei dagokien immunitatea kentzeko erabakia, baina argi utziz horrek ez zuela esan nahi edozein unetan atxilotu eta Espainiaratu zezaketenik. Eztabaida judizial interesgarri bezain luzea hasiko da orain Puigdemonten abokatuen eta Italiako justiziaren artean. Bi hilabeteko epea bete baino lehenago erabaki behar dute Italiako epaitegiek zer egin Kataluniako presidente ohiarekin. Libre utzi edo Espainiaratu.

Espainiaratzen badute, segurutzat jo liteke espetxean itxaron beharko duela Puidemontek epaiketa egunera arte, epaileek argudiatuko dutelako handia dela berriro ihes egiteko arriskua. Bere aurkako instrukzioa hasiko da eta, halako batean, Kataluniako prozesuko beste eragileak epaitu eta zigortu zituen Goreneko epaimahai berak epaituko du, erretiroa hartu duen Luciano Varela magistratuaren ordezkoa izendatuta. Magistratuek, beste eragileak zigortu zituzten epaian matxinada delitua baztertu zutenez, Puigdemont epai horretan agertzen diren delituenagatik bakarrik epaitu ahal izango dute: sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra. Zigortu egingo dute, segurutzat jo liteke, eta gutxienez aurreko epaiketan zigorrik handiena jaso zuenaren parekoa jarriko diote, handiagoa jartzen ez badiote: 13 urteko zigorra ezarri zioten Oriol Junqueras presidenteorde ohiari.

Eta indultua? Urte batzuk egin beharko ditu kartzelan Puigemontek. Prozesuko buru nagusia izan zen, ihes egin zuen, bere abokatuek arestian aipatutako auziak irabazi dituzte Europan Espainiako justizia oso leku txarrean utzita… Eta Puigdemonten indultua politikoki garestiagoa da Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezentzat. Kataluniako politikaren egoera nolakoa, halakoa izan bailiteke Espainiako Gobernuaren jokabidea.

Aurrekoak ez du askotarako balio izango hurrengo egunotan Italiako justiziak Puigdemont aske uzten badu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!