Erronkak atsegin ditut. Zuk botatakoari ezin uko egin, beraz. Laranja tintadun bolaluma bat oparitu zenidan, horrek idatziko zuen gure istorioa. Nik eskutitzak idatziko nizkizun, axota laranjaz, noski. Eta idazten nizun karta bakoitzaren truke kafe bat hartzera gonbidatuko ninduzun. Tintak iraun bitartean iraungo zuen gure artekoak. Tinta laranja amaitzean, ez genuen kafe gehiagorik elkarbanatuko. Ni ados agertu nintzen orduan, joko dibertigarria iruditu zitzaidan.
Ametitu behar dut, harrezkero kafearen kolorearen zale bihurtu naizela. Koilarak kikararekin talka egitean ateratzen duen soinua gustuko dudala. Eta bart, kafearen lurrunaren irrikan nintzela zuretzako gutun hau idazteari ekin nion. Hartu bolaluma eta papera eta pare bat lerro besterik ez nuen idatzi. Tinta amaitu zitzaion axotari, horrela, derrepentean, abisatu gabe.
Aitonaz oroitu nintzen orduan. Txikitan, txoritxoa utzi nion, oporretan nintzen bitartean berak zain zezan. Hil egin zitzaion, baina. Eta ez pentsa gutxi mimatu zuenik. Ni itzultzerako beste hegazti bat zuen kaiola barruan, ordea, nirearen berdin-berdina. Horrela bada, ni ez nintzen aldaketaz jabetu. Bururatu zait, beharbada, zu ere ez zarela konturatuko beste boligrafo laranja bat erabiltzen badut. Ohartu al zara? Horrela, hain gustuko dudan kafeak berotuko dizkit neguko esku hotzak.
Tira, gutuna amaitzerako onartuko dut… Beharbada, zinez atsegin dudana ez da koilarak ateratzen duen hotsa, zure ahotsa baizik. Akaso, kafearen kolore arrea baino maiteago dut zure irribarrea. Gonbidatuko, mesedez, beste bat hartzera?