Txootx!

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2014ko otsailaren 9a

Astigarragan, ohi bezala, ekitaldi oparo batek eman zion hasiera Gipuzkoako sagardotegien irekierari urtarrilaren 15ean. Jendetza bildu zen festa giroan, eta Kalakan hirukotearen erritmoz atera zen kupeletik lehendabiziko txorrota; Madonnaren beharrik ez.

Hurrengo egunean, oihartzun dezente txikiagoz, Arabako sagardotegien barrikak zabaltzeko unea heldu zen. Gaua bete-betea izango zen, ilargiak hala zioen. Autoa hartu eta Trebiñuko Askartza herrira bertaratu ginen. Trebiñu Burgosko administraziopean dagoen arren, bertako asko euskaldunak dira. Sagardotegiko jabeak denok agurtu gintuen, euskaraz noski. Ttakun-ttakun txalapartaren egur hotsarekin batera dastatu genuen aurtengo zukuaren aurreneko tanta Araban ere.

Bapo jan genuen. Bakailao eta txuleta ezker-eskuin. Gosez geratzea ezinezko zen. Kupeletara jira-biran ibili ginen. Txotx! Tamalez, batzuoi etxerako bueltan gidatzea suertatu zitzaigun. Hartaz, tarteka sagarraren txinparta ahosabaian sentitu eta hutsarteka usaintzearekin konformatu behar! Trikitiak eta albokak alaitzen zuten jaia. Osteguna zen, larunbata zirudien baina. Inortxok ez zuen presarik etxerako itzulia egiteko.

Intxaurrak, gazta eta irasagarra, ordua bazihoan aurrera. Arabako bertsolariak hurreratu ziren erdira. Haien hitzetan antzematen zen denon gorputzean zen jai giroa eta tenperatura. Egun da Santimamiña, Xalbadorren heriotzean, eta beste hainbat ere ezin falta. Ilargiak ondo iragarri zuen, gau borobila.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!