Nik gorria, horixe baita neguari hartzen diodan kolorea. Gorria da euririk gabe itzartzen den goizabarraren freskura; gorria da gaztaina erreen usainari darion kolorea; gorria, basoko orbela zapaltzeak ateratzen duen hotsa; gorria, amamaren besarkada sutsua. Horrexegatik hautatu dut gorria, amonaren goxotasuna emango baitit bufandak aurrerantzean janzten dudan bakoitzean. Berak marroia aukeratu du, negua ilunagoa iruditzen zaio antza.
Etxera pozarren itzuli gara; ziztu batean lanari ekin ere! Hasieran nekeza egin zait, bertan behera uztea pentsatu dut birritan. Amonak amore ez emateko esan dit «egin ezazu sikiera bufanda motz bat». Zeinen azkarra den, bikaina da ni animatzen. Eta txikitako beste istorio bat kontatzen didan bitartean aurrera jarraitu dut hurrengo ilararekin. Kontzentrazio handia behar da bufanda egiteko, halere, tarteka ezin diot amonari begiratzeko gogoari eutsi; horren polita da begiak hunkituta dituela aspaldiko kantak abesten dituenean… Amonari so egiteko burua altxatzen dudan bakoitzean segida galdu eta puntu batek ihes egiten dit, ordea. Horrelaxe daukat lepokoa zuloz josia! Hark mila konturen inguruan galdetzen dit «zer moduz azken azterketa?» eta ez du sekula akatsik egiten, hain da txukuna.
Poliki banoa trenkadak luzatzen. Hasieran martxa hartzea kosta zait, bai, baina horren gustura egoten naiz amatxirekin… Negua kontu kontari pasatuko dugu, puntu bat bestearen ostean gehitzen bufandari… Inoiz izan den bufanda luzeena egingo dut, amaigabea, amonaren ezpainetako gorridun musu epelen antzera.