Ikusi eta ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2013ko urriaren 18a

Egungo lan aukerak gero eta urriagoak direnez, gazteoi estudiatzeaz gain ez zaigu ia beste aukerarik geratzen. Batxilergoa amaituta, gehienok unibertsitatera jotzen dugu.

Bologna plana dela eta, gradu asko urtebete luzatu dira. Beraz, lehengo gazteriak baino formatuago amaitzen omen dugu karrera, edo hala suposatzen da behintzat. Baina, hainbaten ikasketak ez dira hemen bukatzen; gero, atzerrian egindako gradu-ondokoa dator.

Ez ahaztu gehientsuenek ingeles agiria, musika eskolan urte andana eta lehen sorospen eta uretako sorosle ikastaroa burutua dugula. Horrez gain, euskal gaitasun agiria, gormutuen zeinu-hizkuntzaren jakintza eta frantses eta txinera maila onargarria ere badugula, besteak beste.

Eta honekin guztiarekin ausart irteten gara lan mundura, eta itxaropentsu begiratzen diogu tren bideari, bertatik igarotzen ez den trenaren hotsa imajinatuz, gure ordua noiz etorriko zain… Badakigu aukera gutxi dugula, alabaina.

Trebakuntza akademikoak berebiziko garrantzia du lehiakortasuna nagusi den aro honetan. Halere, gutxi batzuk izan ezik, gainontzekook ez dakigu motxilaren kremailera izorratua aldatzen, gustuko galtzen luzera laburtzen, tantaka-tantaka aritzen den iturria konpontzen… Ikasketekin eta titulu gehiagoren antsiarekin itsututa bizitzako beste zenbait alorren ezaguera galdu dugu. Eta trukea garesti aterako zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!