AHOTS HARIAK

Urteak ere entzuten dira ahotsean

Erabiltzailearen aurpegia Maria Aguirre Peña

Ahotsa aldatu egiten da urteak bete ahala: indarra gal dezake, lehenago nekatu edo bestelako soinua izan dezake, gure egoera fisikoa edo ahalegin batetik berreskuratzeko dugun gaitasuna aldatzen diren bezala. Aldaketa batzuk nabarmenak dira; beste batzuk, berriz, denbora luzez oharkabean pasa daitezke. Urteekin, laringean eta ahots-muskuluetan aldaketak gertatzea prozesu naturalaren parte da.

Baina zer gertatzen zaio benetan gure ahotsari urteak betetzen ditugunean? Erantzuna laringean, muskuluetan eta arnas sisteman gertatzen diren aldaketetan dago. Aldaketa horiek deskribatzeko erabiltzen den medikuntza-terminoa presbifonia da. Laringean zenbait aldaketa 50 urtetik aurrera has daitezke, nahiz eta sintomak 60 eta 65 urte bitartean nabarmenagoak izan ohi diren. Hala ere, aldaketa horiek ez dute zertan ahots-arazorik eragin. Kalkuluen arabera, adinekoen % 12-35 bitartek izaten dute ahots-zailtasunen bat.

Zer aldatzen da gure ahotsean?

Hitz egiteko, ahots-kordek, laringeko muskuluek eta arnas sistemak modu koordinatuan lan egin behar dute. Urteekin ahots-muskuluak masa gal dezake eta ahots-kordek elastikotasuna eta lubrifikazioa gal ditzakete. Arnasketan parte hartzen duten muskuluen indarra eta elastikotasuna ere gutxitu egiten dira.

Ondorioz, ahotsak indarra eta egonkortasuna gal ditzake, eta aire-ihesa, dardara edo hitz egitean nekea ager daitezke. Elkarrizketa batean bolumenari eustea edo lehen erraz egiten genituen tonu altuetara iristea ere zailagoa izan daiteke.

Entzumenak ere badu zeresana

Askotan ahazten dugun alderdi bat dago: gure ahotsa kontrolatzeko, geure burua entzun behar dugu.

Entzumen-galera agertzen denean, baliteke geure ahotsa behar bezala ez entzutea. Konturatu gabe, ozenago hitz egiten edo eztarriarekin ahalegin handiagoa egiten has gaitezke, batez ere zarata dagoen inguruneetan, besteek uler gaitzaten.

Horregatik, entzumena aztertzea ere ahotsa zaintzearen parte da.

Ahotsa mugatzen hasten denean

Ahotsaren aldaketek ez diote hitz egiteko moduari bakarrik eragiten. Entzunarazteko gero eta ahalegin handiagoa egin behar denean hitz egitea nekagarria eta frustragarria izan daiteke. Denborarekin, pertsona batzuk komunikatzeko orduan segurtasun gutxiagorekin senti daitezke edo egoera jakin batzuk saihesten hasi.

Ahots ahulago edo ez hain argi batek elkarrizketak zaildu ditzake, batez ere zarata dagoenean edo taldean gaudenean. Horregatik, ahotsa zaintzeak ez du soilik esan nahi hitz egiteko modua hobetzea: komunikatzeko eta gure bizitzaren parte diren jardueretan parte hartzen jarraitzeko gaitasuna mantentzea ere bada.

Ahotsa zaintzea, eguneroko kontua

Behar bezala hidratatzea oinarrizko ohituretako bat da. Egunean 1,5 litro ur inguru edateak, betiere pertsona bakoitzaren beharretara egokituta, ahots-korden ehunak hidratatuta mantentzen laguntzen du.

Aktibo mantentzea ere garrantzitsua da. Ibiltzeak edo indar-ariketa arinak egiteak muskulu-masa eta arnasketarekin lotutako muskuluen indarra mantentzen laguntzen du.

Eta zailtasunak agertzen direnean, ahotsa ere entrenatu daiteke. Ahots-lan espezifiko batek ahotsaren funtzionamendua hobetzen eta hitz egiteko behar den ahalegina murrizten lagun dezake.

Noiz jarri behar diogu arreta gure ahotsari?

Ahotsaren aldaketa guztiak ez dira kezkatzeko modukoak, baina ez da komeni automatikoki adinari egoztea ere. Ahotsaren aldaketek bi edo hiru aste baino gehiago irauten badute edo eguneroko komunikazioan eragiten hasten badira, komeni da kontsultatzea.

Hona hemen arreta jarri beharreko seinaleetako batzuk:

  • Entzunarazteko zailtasuna, batez ere zarata dagoenean.
  • Hitz egitean airea ihes egiten ari den sentsazioa.
  • Esaldiak amaitu aurretik arnasa faltan geratzea.
  • Eztarrian nekea eta lehortasuna sentitzea.
  • Ahotsa ateratzeko lepoa edo eztarria estutu beharra.

Ahotsa zaintzeko, norengana jo?

Ahotsaren aldaketak iraunkorrak direnean, garrantzitsua da mediku-balorazioa egitea, zer gertatzen ari den jakiteko eta beste arrazoi batzuk baztertzeko. Otorrinolaringologoak laringea aztertu eta beharrezko probak egin ditzake, sintomen atzean zer dagoen zehazteko eta, behar izanez gero, tratamendu egokiena bideratzeko.

Diagnostikoa egin ondoren, ahotsean espezializatutako logopedak lagundu diezaguke, hobetu beharreko alderdiak landuz eta prozesua kasu bakoitzaren ezaugarrietara egokituz. Eta entzumen-galera dagoenean, entzumenari arreta jartzea prozesuaren parte garrantzitsua izan daiteke. Urteak betetzeak gure ahotsean ere badu isla. Aldaketa horiei erreparatzea gure ahotsa hobeto ezagutzeko eta zaintzeko modu bat da. Izan ere, urteak ere entzuten baitira ahotsean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!