Deigarriena da ez duela beti bihotzerrea edo urdaileko ondoeza eragiten. Azidoa modu isilean igo daiteke laringeraino, eta ahots-kordak kaltetu ditzake, pertsona ohartu ere egin gabe.
«Azidoa modu isilean igo daiteke laringeraino, eta ahots-kordak kaltetu ditzake, pertsona ohartu ere egin gabe»
Urdaileko edukia laringera iristen denean, ahots-kordak estaltzen dituen mukosa narritatu eta hantura eragin dezake. Horren ondorioz, ahots-kordek zailtasun handiagoz bibratzen dute eta ahotsa urratuagoa, airetsuagoa, ezegonkorragoa edo nekatuagoa bihurtzen da.
Zenbait kasutan, narritadura iraunkorrak edema, laringeko ehunen loditzea eta kontaktu-ultzerak bezalako lesioak ere eragin ditzake.
Zein dira lehen seinaleak?
Errefluxuak normalean oso abisu sotilak ematen ditu hasieran. Ohikoa da goizean ahotsa urratuta edo baxuago dagoela sentitzea, edo ahotsa ez dela martxan jartzen nabaritzea. Bitxia bada ere, egunak aurrera egin ahala ahotsa hobetu egiten da.
Beste sintoma oso ohiko bat eztarria etengabe garbitzeko beharra da. Gorputzak muki lodiagoa sortzen du narritatutako mukosa babesteko, baina etengabe eztarria garbitzeak narritadura areagotu besterik ez du egiten.
Horrez gain, eztarrian korapilo bat edo zerbait trabatuta dagoela senti dezakezu eta sentsazio hori ez da desagertzen, ez listua irentsita, ez ura edanda. Askotan, gainera, eztul lehor iraunkorra agertzen da, batez ere etzatean, eta ez da hobetzen ohiko eztul-xarabeekin.
Zer gertatzen da tratatzen ez bada?
Errefluxuak jarraitzen badu ahots-kordak puztu egiten dira, loditu eta elastikotasuna galtzen dute. Ondorioz, okerrago bibratzen dute eta hitz egiteak gero eta ahalegin handiagoa eskatzen du. Sintoma ohikoenak hauek dira:
- Ahots-nekea: hitz egin ondoren ahotsa nekatuta sentitzea.
- Ahots-erregistroa galtzea: ahots profesionala bazara, gero eta zailagoa egingo zaizu lehen erraz egiten zenituen nota altu edo baxuetara iristea.
- Lesioak: ahots-korda hanturatuekin etengabe hitz egiteak, azidoaren eraginarekin batera, noduluak, polipoak edo ultzerak bezalako lesioak eragin ditzake.
Zer egin dezakezu ahotsa zaintzeko?
Ohitura erraz batzuek ahotsa babesten eta sintomak arintzen lagun dezakete:
- Egunean zehar behar adina ur edan, baina saihestu oheratu aurretik ur kantitate handiak edatea.
- Ez garbitu eztarria behin eta berriz; hobe da listua irenstea edo ur-trago txiki bat hartzea.
- Saihestu oihu egitea, batez ere giro zaratatsuetan. Giro horietan, ahotsa proiektatzen saiatu.
- Ahots atsedena hartu nekea edo zurruntasuna nabaritzen baduzu.
- Ez hitz egin xuxurlan uneoro, horrek ere ahots-kordak behartu ditzake.
- Ez hartu botikarik zure kabuz. Sintomak arintzeak ez du esan nahi arazoaren benetako arrazoia konpondu denik.
Bi aste baino gehiago badaramatzazu ahotsa urratuta, eztarria etengabe garbitzeko beharrarekin edo eztarriko ondoezarekin, jo ezazu mediku espezialistarengana eta ahotsean aditua den logopeda batengana. Arazoa garaiz antzemateak ahots-kordetan lesioak saihesten eta ahots osasuntsua berreskuratzen lagun diezazuke.
Zure ahotsak zure ordez hitz egiten du, baina zuri ere hitz egiten dizu. Bere aldaketei adi egotea zure osasuna zaintzeko lehen urratsa izan daiteke.