AHOTS HARIAK

Ahotsaren Mundu Eguna: munduarekin lotzen zaituen haria zaindu

Erabiltzailearen aurpegia Maria Agirre Peña 2026ko apirilaren 17a

Gure ahotsak zaintzen! lelopean, apirilaren 16an Ahotsaren Mundu Eguna ospatu dugu. Data honek eguneroko zurrunbiloan ahazten dugun zerbait gogorarazten digu: gure ahotsa ez dela baliabide agortezina. Aldiz, arreta eta mimoa eskatzen dituen altxor bat da. Ahotsa zaintzea gure ongizatea babestea da hiru eremu hauetan:

Maila pertsonalean: Ahotsa komunikazio-tresna bat baino askoz gehiago da; gure nortasuna eta emozioak proiektatzeko bide nagusia da. Ahotsa osasuntsu dugunean, seguruago sentitzen gara eta geure buruarekin bat egiten dugu.

Gizarte-eremuan: Ahotsa besteekin lotzen gaituen lokarria da. Komunitatean parte hartzeko, afari batean ideiak partekatzeko, lagunekin barre egiteko edo afektu-loturak sendotzeko zubia da. Ahots funtzionalik gabe komunikazioa ahalegin nekagarria bihurtzen da.

Lan-eremuan: Zalantzarik gabe, gure lan-tresna nagusia da. Irakasle, administrari, dendari edo jendeaurreko langile izan, gure lana gure ahots-korden mende dago.

Zure eztarriak hitz egiten dizunean: adi abisuei!

Gure organismoa jakintsua da, eta alerta-seinaleak bidaltzen dizkigu ahots-kordetan lesio fisiko bat (noduloak edo polipoak, adibidez) gertatu baino askoz lehenago. Abisu horiek garaiz identifikatzea funtsezkoa da sendatze azkarraren eta arazo kroniko baten arteko aldea markatzeko. Pentsa dezagun kirolari batengan: gihar-gainkarga sentitzen badu, gelditzea eta luzatzea erabakiko du haustura saihesteko. Ahotsarekin berdin jokatu behar dugu prebentzioa baita gako nagusia. Erreparatu arretaz honako hauei:

Eztarriko harraska iraunkorra: Eztarria garbitzeko edo eztul egiteko premia handia sentitzea sarritan.

Gorputz arrotzaren sentsazioa: Laringe inguruan arrotz den zerbait edo tentsioa sumatzea.

Proiekzio falta: Ekintza sozialetan besteek ez dizutela entzuten sentitzea eta ahotsa behartu egin behar duzula sentitzea.

Ahots nekea: Lanaldiaren amaieran edo bilera sozial baten ondoren hitz egiteak benetako ahalegin fisikoa eskatzen dizula sentitzea.

Tinbre-aldaketak: Ahotsa zakarrago edo ahulagoa nabaritzea, potentzia galtzea edo lehen naturalak zitzaizkizun tonuetara ez iristea.

Ahotsa babesteko eguneroko ohiturak

Ahotsa zaintzeko, lehenik eta behin ulertu behar dugu ez dela laringearen produktu esklusiboa, igorritako soinua oreka sistemiko baten emaitza dela. Gure ahotsan eragina dute emozioek, arnasketaren kudeaketak eta mukosaren hidratazio-mailak beste hainbat faktoreen artean. Ezin dugu eztarria gorputzeko gainerako ataletatik bereiztu, horregatik, eguneroko ohitura hauek funtsezkoak dira:

Sudur-arnasketa: Arnastu beti sudurretik. Horrela, airea filtratu, berotu eta hidratatu egiten da kordetara iritsi aurretik.

Etengabeko hidratazio sakona: Ez da nahikoa egarria dugunean soilik edatea. Egunean zehar ura erregularki edateak ahots-kordak estaltzen dituen mukosa hidratatuta mantentzen du.

Errefluxu gastroesofagikoa kudeatzea: Etsai isila da. Azido gastrikoek laringea alteratu ez dezaten, funtsezkoa da digestio-prozesuaren denbora (bi ordu gutxienez) errespetatzea lo egin baino lehen.

Agente narritagarriak saihestea: Tabakoak, alkoholak, gehiegizko azukreak eta edari gaseosoek mukosaren kalitatea aldatzen dute.

Ahots-atseden erlatiboa: Saihestu oihuak eta xuxurlatze tenkatuak, kaltegarriak baitira. Giro zaratatsuetan, hobe da solaskidearengana hurbiltzea.

Atsedenaren garrantzia: Egunean zehar, ahots-kordetako ehunak alteratu egin daitezke; loak,
ordea, ehun horiek birsortzen (regeneratzen) laguntzen du.

Erlaxazioa uneak izatea: Bilatu erlaxatzen zaituen jarduera hori (arnasketa, paseoak, irakurketa,
musika...); zeure burua lasaitzean, ahotsari
tentsiorik gabe eta modu koordinatuan lan egiten lagunduko diozu.

Zure ahotsa, bizitza osorako kide

Egunero une batez zure ahotsari arreta jartzera gonbidatzen zaitut. Hura zaintzea zure osasunean eta bizi-kalitatean (pertsonala, soziala eta profesionala) egindako inbertsiorik onena da. Gogoratu prebentzioa dela gakoa ahots-arazo larriagoak saihesteko; izan ere, garaiz jokatzeak bidea errazten digu. Ondoezak edo nekeak bi aste baino gehiago badiraute, ez utzi pasatzen eta kontsultatu espezialistari.

Aurtengo Gure ahotsak zaintzen! leloak bide hori erakusten digu. Gogoratu, gaur zure ahotsa zaintzea, bihar zure ongizatea bermatzea dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!