Plazetako politika

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2016ko ekainaren 19a

Kanpaina politiko etengabean bizi gara. Promesa hankamotz, bideo polemiko eta eztabaida sutsu bezain hutsalez betetzen dira medioak. Politika baino politikaren morboa interesatzen zaigula dirudi.

Eta herritarrok, bitartean, boto intentzio ikerketen akuri besterik ez gara.

Politikoek beren ekintzengatik baino nahiago dute egiten dizkiguten promesengatik juzgatuko bagenitu. Baina aldea dago promesetatik ekintzetara.

Ametsak promestu eta murrizketak egin. Parte-hartzea promestu eta erabakia ukatu. Eskubideak agindu eta polizia bidali. Ekologia aldarrikatu eta erraustegia eraiki.

Politika interesatu ala ez, politikaren biktima gara. Pertsonala politikoa da dio feminismoaren leloak.

Politikoa baita gure gorputza eta gure bizitzarekin zer egin agintzen digutenean. Gure haurren heziketa erabakitzea politika da. Birziklatzea ekintza politikoa da. Eta etxebizitza erosten duena zuzen-zuzenean egindako politikaren biktima bilakatzea da.

Politika sigla batzuen arteko talka baino gehiago baita. Telebistan bi oilarren arteko debatea baino harago doa. Gure etxea kudeatzea da. Eredu ekonomiko, sozial eta kultural baten hautaketa.

Eta eredu hauen arteko talka agerian jarri eta eztabaidatu du egunotan Gipuzkoa Zutik ekimenak, modu baketsu eta parte-hartzaile batean. Ikusi dugu zein erantzun jaso duen. Plazan ere egiten da politika, nahiz batzuei ez gustatu.

Kanpaina politikoez nazkaturik bagaude ere noizean behin botoa ematera joan beharko dugu, etorkizun hurbilean plazan politika egin ahal izateko bideak ireki ditzagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!