Adio Kutxabank!

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2016ko maiatzaren 1a

Txikia nintzela ireki zidaten lehen kontu korrontea, beste haur askori bezala Gaztetxoen Elkartean. Oraindik kutxak dirua gordetzeko kaxa erraldoiak zirela pentsatzen nuen garaian. Animalien kromoak bidaltzen zizkiguten, eta bilduma amaitutakoan oparia. Diruaren eta aurreztearen garrantzia txikitatik ikasi nuen.

Orain, urte dezente beranduago, Kutxabanken nituen aurrezki eta kontu korrontea itxi egin ditut. Inongo nostalgiarik gabe. Ez dut uste Kutxabanki diru galera handirik eragin diodanik, baina nire kontzientzia lasaiago dut.

Ez dut hartu erabaki hau nire sosengatik nahi baino interes baxuagoa eskaintzen zidatelako. Ezta toallarik ala zartaginik oparitzen ez zidatelako ere. Zergatik ba orduan?

Jakina da krisiaren sortzaile nagusienetako bat bankuak izan direla. Diru ikusezina baliatuz egin dituztela negozioak. Espekulazioari errenta galanta atera diotela. Eta krisia heldu denean beste inor baino lehen bankuak izan direla diru publikoaz salbatu direnak.

Jakina da kutxek familia ugari etxerik gabe uzten dutela.

Eta ez da sekretua Kutxabankeko presidenteak urtean 800.000 euroko soldata duela.

Ez naiz fio politikariek zuzendutako kutxa publikoekin. Bankiaren iruzurrak, Blact txartelak, CAN auzia, paradisu fiskalak, pribatizazioak...

Kutxa ala banketxe, guztiak dira berdinak, pentsatuko duzue. Edo ia. Baina badira banketxe kooperatiboak, finantza eta inbertsio etikoak burutzen dituztenak, entitatearen irabazietan baino pertsonen ongizatean pentsatzen dutenak, tokiko ekonomia jasangarria bultzatzen dutenak. Fiare edota Koop57 esaterako.

Horiek dira niri konfiantza ematen didatenak, eta ez toallak oparitzen dizkidatenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!