Gizon (feminista) horri

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2016ko apirilaren 3a

Lagun batek aitortu dit kalean zein deseroso sentitzen den gizonekoon begirada lizuna gorputzean sentitzean. Zein deseroso gaueko parrandetan, tabernetako beroan, etengabeko begirada eta hitz-jario jasangaitzak aguantatu behar izaten dituztenean. Ez dudala imajinatzen zenbat eta zenbat aldiz jasaten dituzten egoera hauek. Eta ez, egia esan ez nuen imajinatzen. Enpatia behar.

Sarri ez gara ohartzen gure posizioaz, gizon izatearen pribilegioaz. Are gehiago gizon, zuri, heterosexualak bagara. Ez gara ohartzen, akaso, botere harremanetan gizonezkook gailentzeko jarrera izan ohi dugula, eremu pribatuan nahiz publikoan, politikan, baita egitura horizontalenetan ere. Ez gara ohartzen emakumea nola ikusten dugun, nola begiratzen diogun.

Feminismoak indarra hartu du azken boladan. Baina azkenekotan izan naizen feminismoari buruzko hitzaldi, manifestaldi eta abarretan jendartearen sektore handi baten falta nabaritu dut: gizonezkoena.

Errazago joango gara Palestinaren aldeko hitzaldi batera, palestinarrak ez bagara ere. Baina feminismoa bada gaia, hurbilagokoa eta zuzenean eragiten digun gaia izanagatik ere gehiago kostatzen zaigu. Zergatik? Zer dela eta gizonon eta feminismoaren arteko zanga?

Botererik ez dugun eremu bat delako agian? Gure hitzak emakume batenak baino zilegitasun gutxiago duelako akaso?

Feminista izatea ez da ideia kontua soilik, ezta etxeko ardurak partekatzea. Jarrera aktiboa izatea da. Gure ekintzak noiz diren matxistak konturatzea, eta noski ekiditea. Patriarkatuak nola eragiten digun jabetzea. Enpatiarekin jokatzea, boterea galtzeko prest egotea, eta sarri isiltzen jakitea.

Hau guztia feminista izan nahi badugu, noski. Baina nor ez dago berdintasunaren alde?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!