Ez? Ez

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2016ko otsailaren 21a

Parranda biharamunak ekartzen digu notizia. Jada ez gaitu harritzen, ala bai? Ez gara asaldatzen, ala bai? Baietz pentsatu nahi nuke.

Biharamuneko buruko minaren osteko tripako minak, berriak irakurtzean. Ez gaitu higuintzen, ala bai? Ez gaitu haserretzen, ala bai? Pentsatu nahi nuke baietz.

Nor ote da? Kanpotarra izango zen erasotzailea. Ezagunen bat ote zen? Ostras! Whatsappean jarriko dut ea norbaitek zerbait badakien... Kezka ala morboa? Ez dut gaizki pentsatu nahi.

Ezin uka. Aldatu dira garaiak, ugaritu dira salaketak, emakume nahiz gizonen ahotik entzundako gaitzespenak, komunikabideek lehen planora ekarri dituzte notiziak. Aldatu dira garaiak, ezin uka, baina gauza batzuk ez dirudi aldatzeko bidean direnik.

AZKEN ORDUKOA: Sexu erasoa bart inauterietan.

Asaldatzen gaitu, bai, ezin uka, hotzikara sorrarazteraino.

June Fernandezek Pikara aldizkarian idatzitako Sexua nahi nuen, baina ez horrela artikuluan kontatzen du sexu eraso eta bortxaketa gehienak ez direla kalean ezezagunek egindakoak, elkar ezagutzen duten gizon-emakumeen artekoak baizik. Hasiera batean biek onartutako harreman batean gauzak okertu, emakumeak ezezkoa esan eta gizonezkoak jaramonik egiten ez dionean.

Bortxaketa hauek ez dira komunikabideetan ateratzen. Salatu ere sarri ez dira salatzen. Bortxaketari ere sarri ez zaio maiz «bortxaketa» deitzen.

Ezin uka, garaiak aldatu direla pentsatu nahi nuke, EZ esatean ezezkoa dela gizonezkoon buruan iltzaturik ikusi. Parranda biharamunak atsekabeko notiziarik gabe igaro. Ezin uka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!