Kolibriaren alternatiba

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2015eko abenduaren 19a

Basoa sute ikaragarri batek hartu omen zuen. Bertako animalia guztiek, izuturik, ihesari eman zioten. Guztiek kolibriak izan ezik. Kolibria ibaira joan, mokoan ur tanta bat hartu eta sutara bota zuen.

Berriro ibaira itzuli, beste ur tanta bat hartu eta berriro sutara. Joan-etorrian zebilela ihesean zihoan jaguarra topatu zuen. «Zertan ari haiz? Ez al dun ihes egin behar?», galdetu zion jaguarrak. «Sua itzaltzen ari nauk», kolibriak. «Baina tantaz tanta ez dun sekula sua itzaltzerik lortuko!», jaguarrak aztoraturik. «Bueno, ni nire partea egiten ari nauk», eta kolibria ibaira zuzendu zen.

Hala kontatzen du guaranien kondaira batek. Donibane Garaziko Alternatiben Herrixkan entzun nuen.

Ez da erraza alternatiban bizitzea. Zaila da gure konbikzio, ideologia eta etikarekin bat datorren bizimolde bat izatea. Zaila Eguberrietako oparia Amazonen ez erostea. Zaila Taiwan, Pakistan edo nik-dakit-nongo langile esplotatu batek egindako arropa ez janztea. Zaila bankuen atzaparretatik ihes egitea. Zaila janari transgenikorik ez jatea. Zaila energia nuklearra ez erabiltzea. Zaila da, sistemaren barnean, baina ez ezinezkoa.

Alternatiba ez zaigu iritsiko datorren igandeko hauteskundeetatik. Ez eta klima goi-bileretako akordio historikoetatik. Alternatibak ezin du lau urtez behin aldatu. Sistemaren barnean sortzen dira alternatibak, umiltasunez. Herritarrek sortzen dituzte alternatibak, eta praktikan jarri.

Banka etikoa, finantza kooperatibak, tokiko monetak, bioeraikuntza, tokiko energia berriztagarria, birziklapena, nekazaritza ekologikoa… Alternatiba ez da etorkizuneko utopia. Alternatiban bizitzea posible da, zaila bada ere. Norberak bere partea egin behar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!