Eta Donostia 2016. urtea kulturaz beteriko urtea izango omen da. Donostia Europan kokatzeko urtea (ez al gaude dagoeneko Europan ala?). Hiria kulturaz blai bizitzeko urtea (aurrez ez al zen kulturarik Donostian?).
Eta bitartean Kortxoenea eraitsi dute.
Bilbo ere munduan kokatu omen ziguten. Hiri industrial izatetik hiri turistiko izatera pasa da. Bilbo ere, Donostia bezala, hiri «polita» bilakatu omen da. Bilbotar askok hitz egiten dute nostalgiaz garai bateko Bilboren identitateaz.
Eta bitartean Kukutza eraitsi zuten.
Bilboko eredua, Guggenheim eredua deiturikoa, oso kopiatua izan da mundu osoan zehar. Hiriak museo bilakatzea, hiriak merkantilizatzea. Dirutzak gastatzea gero ia erabiliko ez diren aireportu, museo, interpretazio zentro eta kongresu-jauregitan. Alkate askoren egoak, zaldi gaineko eskulturetan ez, baina arkitektura antzuetan islatu dira.
La ciutat no es ven, es viu; hiria ez dela ikusteko bizitzeko baizik, zioen Arkitektura Kolektiboak sareak iaz Bartzelonan egindako topaketaren leloak. Bartzelona ere munduko kapital izatera bideratu dute urte luzez.
Eta bitartean Can Batlló eraitsi nahi izan zuten.
Norentzat sortzen ditugu hiriak? Norentzat kultura? Maiz lehentasuna eman zaio hiri «politak» eraikitzeari bizitzeko hiriak eraikitzearen aldean. Espektakuluaren kultura sortzeari, herritarren kultura indartzearen aldean.
Gogoratzen naiz Tolosan ere izan genuela alkate mediatiko bat, Tolosan lehen turistak azaldu zirela, Tolosa ere munduan kokatu nahi izan zela...