Egia erdiak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2015eko urriaren 11

Kataluniako hauteskunde biharamunak oso balorazio eta titular desberdinak utzi dizkigu. Baten ala bestearen ahotik entzun, oso agertoki desberdinak imajina ditzakegu. Emaitzen erabilera interesatua, alderdikeriazko narrazioak, erdizka kontatutako egiak... Nabari da Espainiako hauteskundeak hurbil direla.

Ez dut kazetaritza objektiboan sinesten. Komunikabide batek emango dituen albisteak aukeratzen dituen momentutik, kazetariak istorioak kontatzeko erabiliko dituen hitz eta ikuspuntuetatik subjektibotasuna agerian geratzen da. Istorio objektiboak inpertsonalak dira, ez dira entzule/irakurlearengana heltzen. Subjektu subjektiboak gara.

Katalunia edo Euskal Herriko berriei Espainiako prentsa kontserbadore nahiz progresistenean ematen zaien ikuspuntua Espainian demokrazia kontzeptuarekin arazo bat dutela erakusten digu. Haien titularrei barre egiten badiegu ere.

Gipuzkoako errausketa eta zaborren kudeaketaren gaiari medio batzuek ematen dioten trataerak atzean dauden interes ekonomiko eta ideologia politiko baten kontra egindako ahalegina modu ebidentean uzten ditu agerian.

Bi adibide askoren artean. Hori da politika, esango du baten batek.

Baina botere ekonomiko eta faktikoek kontrolatzen dituzte medio gehienak, eta vascoen larruz jantzitako komunikabideen atzean interes espainiar kontserbadoreenak aurki ditzakegu.

Gure konfiantzazko komunikabide eta informazio iturriei egiten diegu kasu, eta sarri, kritikotasunak tiraderan gordeta, haien iritziak geure egiten ditugu.

Internetek egia erdi askorekin egia oso bat osatzeko erremintak ematen dizkigu, erdi guztiak bilatu egin behar ordea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!