Esaten digute Europa dela solidarioa, anitza, baketsua, mugarik gabea, Europa batua... Argi ikusi dugu ordea, benetako errealitatea beste bat dela: ekonomiaren Europarena, alanbre-hesiz inguraturiko Europarena, kultura gutxituak gaitzesten dituena, merkantziek libre zirkulatzeko aukera dutena baina pertsonek, aldiz, mugak zeharkatu behar izaten ditugun Europa.
Afrikan izan nintzenean, europarra nintzela erantzuten nien nongoa nintzen galdetzen zidatenei. Berdin zen italiarra, irlandarra ala euskalduna izan, haientzat Europa bakarra da, guretzat Afrika den bezalaxe.
Baina ezin uka azken aldian europarra izateaz lotsatu egiten garela.
Gerretatik ihesi datozenak zenbaki huts bihurtzen ditugu, hilotz sarri, portzentaje; tiroz ematen diegu ongietorria gure mugetan, karta jokoak bailiran trukatzen ditugu, legez kontrako izatera bultzatzen, ghettoetan ezkutatzen, gaizkile deitzen diegu...
Europa aldatzen ari da, gu konturatzerako. Euskal Herritik makina bat gaztek emigratu du Alemaniara edo Erresuma Batura lan bila. Erasmusek nahasten ditu populazioak. Aldatu dira fluxuak. Intentzioak onak dira akaso, Europa solidario, mugarik gaberako bidean. Baina aurten ailegatutako 300.000 errefuxiaturen aurrean, eta ailegatuko direnen esperoan, Europaren aurpegirik ilunena erakutsi dugu.
Merkeli entzun diot (praktikak kontrakoa adierazten badu ere) ongietorria eman behar diegula. Ongietorriak ba, Europa hobe bat marrazten lagunduko digutelako ziurtasunaz.