Gure hiria marraztu behar bagenu

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2015eko maiatzaren 22a

Egin. Ekin. Marraztu. Hazi. Altxa. Eraiki. Lan egin. Sortu. Bildu. Erabaki. Irabazi. Bozkatu. Aditzez bete zaizkigu postontziak, kale eta plazak. Berria. Bestelakoa. Hobea. Aldaketa. Promesez irrati-telebistak.

Gure hiria marraztu behar bagenu, orri zuriaren gainean, promesetatik haratago, pentsatu al dugu inoiz nolakoa izatea gustatuko litzaigukeen? Calvinoren Hiri Ikusezinen parekoa litzateke akaso: hariz osaturiko hiria, egunero atzoko errautsetatik jaiotzen dena edo diamantez eginiko gazteluak dituena. Baina guk ez dugu orri zuririk, ez aukerarik Isaura, Dorotea edo Ersilia bezalako hiriak sortzeko. Guk Tolosa, Altzo, Zizurkil edo Ikaztegieta ditugu, eta hirigintza, hirien egintza, ditugun herriak eraldatzea, bizitzea da.

Gure hiria marraztu behar bagenu, ez orri zuriaren gainean, daukagunetik abiatuta baizik, hiri solidarioa, parte-hartzailea, anitza, ekologikoa, sortzailea eraiki, egin, sortu, altxa, marraztuko genuke. Egunotan promes egin diguten bezala.

Promesak hanka motza omen du, ordea.

Parte-hartzea bezalako hitzez betetzen zaigu ahoa. Parte-hartzea lau urtean behin udal ordezkariak hautatzea baino gehiago dela denok ados, baina zail egiten da teoriatik praktikarako bidea. Borondate falta batzuetan, eta borondatea denean ere herritarroi parte-hartze kultura falta zaigu. Sinestea gure iritzia garrantzitsua dela eta herri bateko erabakien zama gure gain hartzea.

Igandean bozka ematera joatea tokatuko zaigu. Ez al zaie ahaztuko gure ordezkariei datozen lau urtetan hiria gurekin batera marraztu, altxa, egin, eraiki beharko dutela!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!