Gerra txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2015eko apirilaren 12a

«Grand Guerre. Ba ote da gerra txikirik?», dio Lander Garrok bere azken liburuan. Denok ditugu gure gerrak, gure borrokak, gure batailak. Badira gerrak telefono konpainiaz aldatzeko egiten ditugunak. Badira maitemin gerrak, edo min bizien kontrakoak. Goizero izaren atzaparretatik ihes egitekoak ala baratzeko barraskiloen kontrako guduak.

Nor naiz edo nor izan nahi dut barne gatazkak. Gure desio eta kontzientziaren artekoak. Mundu osoarekin haserretzen garenekoak. Erretzeari uzten diogunekoak. «Nire amonaren baratza defendatuko dut» diotenak. Deserriari aurrizkia aldatu nahi diotenak. Saltoki handietan edo made in Bangladesh jartzen duen arropa erosten ez dutenena.

Tren motelen aldeko gerra, eskubideen eskubideak defendatzen dituztenena, koloretako banderak eramaten dituztenena, egunero birziklatzen dutenena... Badira kalera ateratzen diren batailak, edo etxean sufritzen direnak, aktibismoaz akaba daitezkeenak, denborak itzaltzen dituenak...

Lagun batek esan ohi dit gure ingurukoak sarri gutxietsi egiten ditugula, ez dugula jakiten zer nolako gerra txikiak dituen bere baitan. Eta dakigunean ere ez ditugu gerra inportanteak bailiran aintzakotzat hartzen. Besteen gerrek beti dirudite txikiak, ezdeusak. Gureak aldiz hil ala bizikoak dira.

Gerra guztiek, txikiagoak ala handiagoak izan, denek merezi dute beren errespetua. Inork ez baitu atsegin gerra galtzerik. Inork ez baitaki hurrengo gerra txikia zein izango dugun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!