Maskarak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2015eko martxoaren 1a

Igaro dira inauteriak, erantzi ditugu maskarak, plastikozko maskarak behinik behin, azal-haragizkoak bistan utziaz, berriro gu izatera pasaz, gure ni-ak jendaurreko bihurtuz. Gure  -ak aldatzen baititugu momentuaren arabera. Gure izaera, jokaera, hizkera aldatu egin ohi ditugu, hala nola besteek gu ikusten gaituzten modua.

Ez dugu berdin jokatzen gure familiarekin gaudenean edo lagunen artean. Ez gara berdinak bikotekidearekin, bikotekide ohiarekin edo bizilagunarekin. Lanera goazenean, eranzten garenean (gaituztenean), bakarrik gaudenean, agertoki gainean.

Rol bat jokatzen dugu gauden pertsona ororekin, pertsona hark ezagutu gaituen (eta sarri aldatzea kostatzen zaigun) moduko rola. Ez gara pertsona bera txikitako lagunekin gaudenean, kuadrillarekin, unibertsitateko kideekin ala Erasmusean ezagututako jendearekin elkartzen garenean. Eta janzten dugun ni-ak sentiarazten gaitu (des)erosoago, niago, ezezagunago askotan.

Katamaloak, maskarak, sarri aldatzen ditugu, askok irudipena baitu garela, naizela, halako edo holako. Gu gara, (ni naiz, poeta tristeak zioen bezala) ikasle zintzoak batzuentzat, festazaleak besterentzat, erromantikoak ala zinikoak, konprometituak edo axolagabeak, abstraktuak, maltzurrak, gatzgabeak, graziosoak, hipokritak, je suis basque, je suis moi...

Ezin ahaztu interneteko alter egoak, mezu sekretuetako heteronimoak, gure ametsetako edo tiraderako koadernoko ni-ak, gezurretako iraganak... gure ni zerrenda luzatzeko.

Horiek guztiak gara gu (ni). Luigi Pirandellok zioen bezala bat bakarra gara; baina inor ez eta ehun mila aldi berean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!