Akordatzen

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2015eko urtarrilaren 11

Egun hauetan ohikoa dugu gogoratzea. Oroitzen gara joan diren pertsonez, gure artean egon ezin dutenez, urrun direnez. Gogoratzen gara urteko momentuez, argitaratzen dira urtekariak, telebistek urteko notiziarik bitxienak gogorarazten dizkigute, golik onenak; Facebookek gure urtea nolakoa izan den irudikatzen digu...

Batzuetan ordea laburra dugu memoria. Mundu zabaletik datozen berriek azkar galtzen dute medioetako lehen orrialdea, berriak ahanztura kolektiboan murgiltzen dira. Baina nork erabakitzen du zein notizia den gure intereseko eta zein gorde memoriaren tiraderan?

Akordatzen naiz bazela gerra Ukrainian. Orain Errusiako gasa bakarrik interesatzen zaigula dirudi.

Akordatzen naiz bazela ebola Afrikan. Sendatu ote dira guztiak? Estatu Batuetako hauteskundeak geroztik ez da askorik aditzen. Obamaren kontrako kanpaina ez ote zen bada izango?

Politikari ustelduak bazirela akordatzen naiz. Badirela batzuk kartzelan. Eta izango direla gehiago kalean dabiltzanak. Baina Nikolas Txikiren desbenturak bakarrik ikusarazten dizkigute orain.

Udaberri Arabiar bat izan zela akordatzen naiz. Eta badela gerra oraindik Sirian. Zer gertatzen ari ote da Egipton, Libian, Tunisian?

Akordatzen naiz bazela krisi bat. Langabetuak milaka zirela. Hezkuntza erreforma bat egin zela. Eta abortuaren legea aldatu nahi izan zutela.

Errauskailu bat egitekoak zirela akordatzen naiz. Orain ordea organikoaren usainaz bakarrik hitz egiten digute.

Akordatzen naiz bazela bake prozesu bat Euskal Herrian.

Ala akaso memoriak huts egiten dit.

Hauteskunde urtea dugu aurtengoa. Ea zer gogorarazten diguten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!