Zeharkatuko zituen ibaiak eta basamortuak, mendiak eta harresiak.Helduko zen itsaso handira eta gurutzatuko zuen, gau ilunean, bizitza arriskuan jarriz.
Helduko zen ametsetako lurretara. Baina ametsa amesgaizto bilakatuko zen. Itzularaziko zuten agian etxera berriro. Ala ibiliko zen noraezean, legeari ihesi, bizirauteko borrokan.
Salduko zuen musika kalean, aurkituko zuen kontraturik gabeko lanpostu bat, ezkonduko zen paperak lortzearren eta banandu senarrak jipoitzen zuelako. Eta orain gure bizilaguna da, egunero irribarrez agurtuko dugu, euskaltegira joango da, gure aiton-amonak zainduko ditu, inork nahi ez dituen lanak egingo ditu ala eskatuko digu txanpon bat eta bidaliko digu musu bat txanponaren truk. Irabazitako dirua familiari bidaliko dio eta administrazioarekin eguneroko borroka izango du paperak lortu ahal izateko.
Istorio gogorrak, baina ez nik asmatuak. Baten eta bestearen ahotik entzunak. Izan zitekeen Dame, Said, Samba, Rachid, Yamileth, Ekhosun, Unity edo Esperanzaren historia.
Eta orain PPk etorkinen kontra hasi du kanpaina politikoa. Diskurtso populista batekin gure dirua lapurtzera datozela sinestarazi nahi digute. Akaso diru publikoaren benetako lapurrak nor diren ezkutatu nahian. Halere kezkatzen nauena batek baino gehiagok pentsatzen duela hala dela, gure diru eta lanpostuak kentzera datozela.
Haiek eta haien historiak ezagutuko bagenitu ez dut uste horrelakorik pentsatuko genukeenik.