Banderak

Bandera trapu bat omen da haizerik ez badabil. Baina haizea dabilenean ere, banderak trapu bat izaten jarraitzen du. 

Trapu huts bat, baina zenbat emozio, zenbat amorrazio, zenbat zirrara eragiten dizkiguten banderek.

Aitortzen dut, ez ditut banderak atsegin. Eta batek baino gehiagok aitortu dit azkenaldian banderismoak gorroto dituela. Ez gara banderen belaunaldikoak. Ez dugu ikurrina ezkutuan defendatu edo elizaren kanpandorretik zintzilikatu behar izan. Ez digute gure balkoitik, aberri egun bezperetan, ikurrina lapurtu. Gure gurasoei ordea bai.

Akaso horregatik dirudi axolagabetasunez bizi dugula gure udaletxe guztiek balkoietan española zintzilikatu izana. Badakigulako probokazio bat gehiago dela beren probokazio zerrendan.

Baina nik aitortzen dut, trapu bat bada ere, banderak gustuko ez ditudan arren... min ematen dit hor ikusten dudan bakoitzean.

Katalunian banderarik handiena nork aterako, hor ikusi ditugu unionista espainiarrak sekulako senyera bat zabaltzen. Imajinatzen dituzue euskal PPtarrak ikurrina erraldoi bat mutur banatatik eutsiz?

Akaso gehiegi konparatzen dugu gure burua kataluniarrekin. Han haizeak gogor jotzen du, airean darabiltza banderak. Erabakitzeko eskubidea ilegala izango da, baina haize erauntsiak kaleak astintzen ditu. Ea brisaren bat edo ailegatzen zaigun.

Bitartean hauspoari emanez jarraitu beharko dugu, gure esku dagoen guztia eginez, gure eskalan, aterki-mosaiko-pean babestuz, injustizia zaparradak busti ez gaitzan, kataluniarren edo eskoziarren egoerara heldu arte.

Azken finean bandera da gutxienekoa, haizea dabilen bitartean.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!