Alfonbra gorria

Alfonbra gorrian. Eguerdiko hamabietan. Desorduak akaso zinemara joateko. Zinemaldi style. Estreinaldia: Lasa eta Zabala.
Bai, goiz xamar zinera joateko. Barrenak hunkiberago izan ohi dira goizetan. Torturak, hilketak, gorrotoak... Goiz xamar horrelako irudiak ikusteko. Ala beranduegi agian. Beranduegi horrelako errelatoak egiteko. Beranduegi zenbait gauza onartzeko. Beranduegi barkamenak emateko. Ez omen da inoiz berandu, ala lehenago zen berandu?
Gogoan dut, 1995 hura, Joxi eta Joxeanen gorpuak iritsi zirenean. Bederatzi urte bete berriak. Tolosako kaleetan manifestazioa. Polizia guri tiroka. Korrika tabernara. Gazteegi izango nintzen zenbait gauza ulertzeko. Igaro dira ia hogei urte. Oraindik zenbait gauza ez ditut ulertzen.
Ez dut ulertzen zergatik joan den hau guztia hain luze. Eta zergatik luzatu nahi duten batzuek. Ez dut ulertzen zergatik batzuk biktima diren eta besteak ez. Ez dut ulertzen zertarako balio duen norbait hiltzeak. Ulertezina zait tortura. Eta ez dakit hau guztia ulertzeko arrazoirik existitzen den.
Axun Lasari elkarrizketa batean irakurri diot: «Min handia egin diogu elkarri. Honek balio izan duela entzun, eta pena hartzen dut. Ez du balio. [...] Hitz egin dezagun, elkarrekin konpontzeko».
Euskal gatazkaren filma ez da oraindik bukatu. Nork daki nola amaituko den. Badira oraindik konpondu beharreko tramak. Ea ba, jar dezagun alfonbra gorria, eman diezaiogun denon artean amaiera bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!