Bidaiari horri:

Nonbait irakurri dut bidaia bat amaitu ostean gutun bat idatzi beharko geniokeela geure buruari eta hurrengo bidaia hasi aurretik irakurri, bizipenetatik ikasi eta egindako akatsak ez errepikatzearren. Hona hemen nirea:
«Bidaia berri bat hastear izango zara. Akorda zaitez 2014ko udan egindako bidaia hura amaitzean izan zenituen gogoetez. Akordatu bidaiak utzitako sentsazioez, bizitako une on eta txarrez, 'ez dut berriro horrelakorik egingo' esan zenuen momentuez.
Lehenik eta behin erabaki zer nolako bidaia egin nahi duzun, eroso sentiaraziko zaituen bidaia, zeure neurrira egina. Ez omen da bidaiatzeko modu 'onik'. Beti omen gara zerbait 'inbasore'. Baina modu batzuk besteak baino jasangarriagoak dira. Zaindu eta errespetatu jendea, ingurunea.
Aukeratu ongi bidaia lagunak ere. Izan dadila zure antzeko gustu, gogo eta pentsaera duen jendea. Hala izan ezean giro txarra sor daiteke taldean. Asko konpartitzen da bidaietan.
Ez ahaztu bidaiatzea pribilegio bat dela. Munduan gutxik duela bidaiatzeko ahalmena eta eskubidea. Eta ez ahaztu hemen ditugun pribilegioak ez direla arruntak mundu zabalean. Horregatik sarri europar zuriaren mentalitatez bidaiatzen dugu: saiatu ohiturak kritikatu gabe ulertzen eta ez pentsa inoren salbatzaile garenik.
Jakin badakizu ezin dela dena ezagutu. Ez zarela inoiz mundu osoa bisitatzera ailegatuko. Badakizu, zoazen lekura zoazela ere, ez dela posible guztia ikustea. Ez zaitez saiatu. Sarri aberasgarriagoa da leku gutxi baina ondo ezagutzea herrialde bat osorik zeharkatu eta erdizka ezagutzea baino.
Eta ezagutu jendea, ohiturak, bizimodua… Leku politak ugari dira munduan, baina normalean leku bat polit egiten duena bertako jendea da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!