Ekainaren 28an sexu askatasunaren aldeko eguna ospatu dugu. Denok. Denoi dagokigun gaia baita sexua. Sexualitatea tabua da oraindik, gure hezkuntza post-kristauan. Homosexualitatea zer esanik ez. Heteroaraua da normaltasuna. Hala saldu digute behintzat.
Ez omen gara homofoboak, baina kuriositatea sortzen digu, morboa. Ziur zuetako batzuk artikulu honen titulua ikusi eta hasi zaretela irakurtzen, morboak eraginda. Ala artikulua irakurri ez eta “Manex gay omen dunk” kontatuko die baten batek lagunei, txutxu-mutxu gogoz.
Ez omen gara homofoboak, baina bati baino gehiagori entzun diot “nik errespetatzen ditut baina nire seme-alabak ez daitezela gay edo lesbiana izan!”.
Ez omen gara homofoboak, baina marikoi hitzetik hortzera darabilgu irainka hasten garenean. Errezeloz ikusten dugu inork aldageletan behar baino gehiago begiratzen bagaitu. Futbolean jolastu nahi ez duen mutikoa afeminatua da. Futbolean dabilen neskatoa berriz marimatxoa.
Ez da erraza izango heteronormaltasunetik kanpo zaudela deskubritzea. Are zailago familia eta lagunei kontatzea. Eta zer esanik ez ingurukoek onartzen ez zaituztela jakitea. Inork inoiz homosexuala dela kontatzen badizue ez pentsatu besteek-zer-esango-ote-dute. Beragan pentsatu.
Gozatu dezagun sexualitateaz nahi dugun moduan. Sexua ez bada aske, nola izango gara ba libre?