Demokrazia ariketa laburra

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2014ko ekainaren 8a

Hauteslekura ailegatu, mahaikideak agurtu, dokumentu arrotzak erakutsi, botoa hautetsontzian sartu eta kanpora trago bat hartzera. Laburra da herritarrok burutzen dugun demokrazia ariketa. Bi edo hiru minutu eskas botoa etxetik aukeratuta ekarriz gero. Pixka bat gehixeago zalantzati direnentzat, boto kabinan sarturik. Gehienera bost minutu eskaintzen dizkiogu hauteskunde bakoitzean gure erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeari. Gutxi samar aukeran.

Hau eta beste hausnarketa batzuk hauteskundeen biharamunean:

A eta B-ren artean aukeratzeari deitzen diote batzuek «erabakitzeko eskubidea». C aukeratzea ez da legala. Pentsa, kontsulta egitea bera konstituzioaren kontrakoa da. A zer eskubide bitxia!

Europan bipartidismoaren gainbehera hasi da ala ezohiko keinua izan da? Ez dakit. Europako Alderdi Popularrak irabazi ditu bozak.

Eskuina ez, abstentzioa izan da garaile. Abstentzio kritikoa eta abstentzio pasiboa ez dira gauza bera, baina denak zaku berean kabitzen dira.

Antieuropeisten gorakada nabarmendu dute. Haiek antieuropeista deitzen gaituztenok, beste Europa bat besterik ez dugu nahi.

Hauteskunde kanpaina haizeak eramango dituen promesen desfilea da. Denak balio du kanpainan. Memoria laburra dugu nonbait, berehala ahazten zaizkigu promesak.

Demokrazia, herriaren boterea omen da. Bost minutuko boterea inondik inora. Hau al da nahi dugun demokrazia? Non da demokrazia zuzena, parte-hartzailea?

Badugu nahiko lan hau guztia aldatu nahi badugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!