Lerroak

Matematikan lerroa funtzio batez adierazten den puntu-segida da. Geometrian, bi planoren arteko ebaketa gunea. Naturan ez omen da lerro zuzenik, nahiz horizonteak marrazten duena begi hutsez hala iruditu. Artean, Kandinsky da lerroaren maisua.

Geografian lerroak mapa gainean marraztutako trazak dira. Baina lerro hutsak izatetik haratago, hizkuntza, kultura, ekonomia desberdinak elkartu edo banatzeko gai dira. Historiak eta botereak urteetan zehar marraztutako lerro imajinarioak, aldaezinak dirudite, edo hala sinestarazi nahi digute.

Europa alanbre-hesiz egindako lerro batek inguratzen du, kanpotik inor sar ez dadin. Beste toki batzuetan lerroa horma bilakatzen da, kartzela erraldoiak osatuz. Inor irten ez dadin.

Baina beti ez da hormarik behar, muga-lerro imajinario hauek nahikoak dira herri baten askatasuna lapurtzeko.

Akaso hobe geundeke horrelako lerrorik existituko ez balitz. Baina gaur-gaurkoz existitzen dira, beraz marraz ditzagun geure gustura.

Krimeak egun batetik bestera, modu traketsez agian, aldatu ditu bere lerroak. Eskozian eta Katalunian arkatza eskuetan dutela dabiltza.

Gu ere has gintezke zirriborroak marrazten, gida-lerroak lehendabizi, ibilbidearen trazak ondoren, muga-lerroak, legeen lerroarteak transformatzen... Eta ekin diezaiogun lerroen barnealdea marrazteari, zuriuneak betez, zer-nolako etorkizuna nahi dugun irudikatuz.

Has gintezke marraztuaz Durangotik Iruñera doan lerro bat, besoz beso, eskuz esku. Gure hizkuntza, gure identitatea, gure hezkuntza, gure kultura, gure geroa... Gure Esku Dago eta!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!