'Eusnob' tolosarraren gida

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2014ko martxoaren 7a

Euskal kultura bertsoa, trikitia eta dantza baino gehiago da. Badakigu hori. Baina sarritan euskaldunok tradizional, kontserbadore bezala definitzen dugu geure kultura.

Mito hau hausteko asmotan hona hiri-tribu berri bat: eusnob-a.

Mursegoren Eusnob abestia ezagutzen duenak jakingo du zertaz ari naizen. Eusnob euskal kultureta modernoa da. Janzkeraz hala badirudi ere ez da hipsterra, hispter mugimendua mamirik gabea iruditzen baitzaio. Abertzalea da, ekologista, euskal kulturaren defendatzailea eta euskaraz mintzatzen da ia beti.

Eusnobak nahiago ditu hiriak, baina Tolosan ere aurki ditzakegu. Hona hemen eusnob tolosarra identifikatzeko zenbait puntu:

Argia, Berria, eta Ataria irakurtzen ditu. Irakurle amorratua, Bilintxen erosten ditu liburuak eta Zunbeltzen, berriz, diskoak.

Zine zale porrokatua, ez du ostegunetako zine-forumik galtzen, ezta hileroko bonu sistema martxan jarri aurretik ere.

Ostiraletan Bonbereneako kontzertuetan aurki dezakegu, nahiz askotan, joko duen taldea ez ezagutu. Bide Ertzean eta batez ere Deabruaken fan inkondizionala. Orbelako gauak atsegin ditu eta «Maskor eta Ieltxun bai musika ona jartzen zutela» esango du Eguzkitik irteten den bitartean.

Barrua Truk edo Belarminaken edozein kontzertutan ikus dezakegu. Baita Box.A-k antolaturiko ekimenetan edo Asvineneako emanaldietan.

Nahiago du inauterietan kontzeptu gisa mozorrotu, mozorro konkretu bat aukeratu baino.

Sintoma hauetako batzuk betetzen badituzu eusnoba izan zaitezke. Ez larritu, ez da larria. Euskal kultura zabaltzen ari den seinale besterik ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!