X belaunaldia da gurea. Oparotasun ekonomiko garaian esne mamitan hazitakoa. Unibertsitatera joatea ia derrigorrezko aukera izan duena. Goi mailako ikasketak euskaraz egin dituena. Hizkuntzak dakizkiena.
Erasmus belaunaldia gara. Europarena, globalizazioarena eta anti-globalizazioarena.
Internetena, gain-informazioarena, komunikazioarena eta inkomunikazioarena.
Politikan fedea galdu dutenena. Idealak iraganeko gauza direla uste dutenena.
Mileuristen belaunaldia. «Esperientzia hartzearren»musu-truk lan egin dugunona. Etxea erostea garai bateko ametsa iruditzen zaigunona.
Gustuko dute kazetariek ere etiketa hauek guztiak erabiltzea, eta orain, azkeneko azterketen emaitzei etiketak jarri dizkiete: belaunaldi galdua omen gara. Krisiaren eraginez lan bila kanpora joan beharrean aurkitzen garenona. Eta kanpora joanez gero hiritar eskubideak galtzen ditugunona.
Ekonomia eredu okerrak, ereduaren kudeaketa oraindik eta okerragoak, burbuilek, unibertsitario gehiegi izateak... ikasi ez dugun zerbaitetan lan egitera edo immigratzera bultzatu gaitu.
Baina ez nuke esango honek guztiak loa galarazten digunik.
Akaso ez diogulako hainbeste etorkizunari begiratzen. Galdua dugulako erretiro-pentsioa izateko esperantza. Gogoko dugulako bidaiatzea. Garai berrira moldatuko garelako. Eta, espero dut, egindako akatsetatik ikasiko dugulako.