Bizitza loteria omen da...

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre Elizaran 2014ko urtarrilaren 3a

Edo tonbola. Hala diote. Bizitzan zer tokatuko zaigun ez omen dakigu, zer emango digun eta zer kendu. Nik baina, ez dut txartelik erosi.

Diruak ez omen du zorionik ematen. Edonork esango luke abenduaren 22an telebista piztuz gero. Hango nahiz hemengo irudiak, urterokoak, berdinak guztiak: jendea pozaren pozez saltoka, xanpaina airean.

Ez omen zaigu tokatu”, ondorengo egunetako esaldirik erabiliena. “Izango zen norbait gu baino behar gehiago zuena” solidarioenen erantzuna; “osasuna behintzat badaukagu eta” konformistenena; “botatakoa sikiera” galtzea gustuko ez dutenena; “El niño-koan beharko du” itxaropentsuenena; “kabroi horrek dirua besterik ez eta hari tokatu behar” inbidiatsuenena.

Lanekoekin zenbaki bat, familiartean bestea, futbolean jokatzen dugunok ere bai... ezin hartu gabe gelditu, gero haiei tokatuz gero eta niri ez... komeriak. Ekarri bat Benidorm-tik, nik Soriatik ekarriko dizut. Ezin esan kuriosoa ez denik behintzat loteriaren soziologia.

Loteriara jokatzen ez dugunak %22a soilik garela irakurri dut. Tokatzeko aukera oso-oso txikia delako batzuek, herritar xumeok aberats izan gaitezkeela amesteko kapitalismoaren tresna dela diotelako besteek ala estatuari dirurik eman nahi ez diotenek.

2014ko bizitzaren loteriak zer ekarriko ote digu? Nik, hala ere, nahiago zoriaren esperoan egon baino neuk eraiki neure etorkizuna.

Urte berri on denoi!



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!